Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Ana Bolinaga: "Bilduk 132 boto bakarrik galdu ditu Aretxabaletan; Aralarren botoa joan da EAJra"

Mirari Altube Arrese 2015ko eka. 3a, 08:00

Hauteskundeek ezusteko emaitzak utzi dituzte eta horien gaineko irakurketa egin du Bolinaga alkateak.

Emaitzak eskuartean zein irakurketa egiten duzu?

Gobernuaren desgastea ez da igarri, 132 boto bakarrik galdu ditu Bilduk; hor ez dugu islatu zigorra. Oso garbi ikusi da Aralarren botoa EAJrengana joan dela. Batzuek uste zuten Aralarrekin batera joanda koalizioan boto horiek eskuratuko genituela. Nik uste nuen zaila izango zela lau urtetan EAJrekin batera oposizioa egin dutelako eta horrek bere emaitza ekarri du; ondo joan da Aralar-EAJ koalizio hori eta hain zuzen EAJk atera du hortik etekina, eta ez EH Bilduk. Zorionak EAJri, eta guri botoa eman digutenei mila esker, eta hor jarraituko dutela lanean esan; batzuk hor eta beste batzuk hortik kanpo.

Zelako agintaldia izan da?

Oso latza, oso gogorra. Baina herrira begira, herritarrekin eta elkarteekin –eta ez da topiko bat– oso atsegingarria, topera ibili naiz-eta, buru-belarri militantzia horretan. Behin eta berriro esan dut erakundeetako politikan ez naizela eroso sentitzen baina beharrezkoa da mundu hobeago baten alde borrokan ari garen kolektiboak eta alderdiak ere iristea bertara. Eta hemendik aurrera ere lanean jarraituko dugu.

Atez atekoa jarri izanak emaitzetan eraginik ez du izan?

Ez, benetan diotsut ezetz. Gobernuan egoteagatik 132 boto bakarrik galdu ditugu, izan dugun agintaldiarekin, gainera: koalizioak ez du funtzionatu; Aralar oposizioan egon da; atez ateko bilketa sistemaren kontrako prentsa behin eta berriro… Hortaz, Aretxabaletan ez da hori arrazoia eta gainerako herrietan ere ez. Nik uste dut hausnarketa beste ildo batetik egin behar dela. Ezker abertzalea egon da bere teilatura harriak botatzen, eta ez dugu asmatu. Hausnarketa sakona egin behar da; planteatu behar dugu EH Bilduren noranzkoa, zein estrategia eraman behar dugun, non kokatzen garen koalizio luze honetan: ezkerrean, eskuinean, erdian… Ildo politiko batzuk birplanteatu egin behar dira. Eta ezkertiar moduan instituzioak irabazi bai baina ezin da sekula kalea galdu, eta ezker abertzaleak hor bere espazioa galdu izan du.

Orain oposizioan egongo da EH Bildu…

Bai, eta hori ere ondo dago. Proiektuak aurrera ateratzeko ez dago beti garaile izan beharrik. Ezker abertzale barruan egoera oso zailak izan ditugu: ilegalizazioa, kartzela… Badakigu egoera zailetan egoten eta aurrera egiten. Nik uste teilatua apur bat apurtuta dugula, baina zutabeak, ezker abertzalearen eta EH Bilduren zutabeak, oso sendoak direla. Eta hortik gora egin behar dugu guztion artean, baina beti behetik gora eta ez goitik behera.

Hasieratik zenuen argi lau urterako bakarrik etorri zinela; hortaz, kasta behintzat ez zara…

Ja, ja, ja… Ez, ezin dut-eta. Saltsa gustatzen zait, herritarrekin, gazteekin, hirugarren adinekoekin… pertsonekin egotea gustatzen zait. Irakaskuntza dut gustuko hain zuzen gaztetxoekin egiten dudalako lan eta mordoa ikasteko aukera dudalako. Erakundeetan beste diplomazia lan batzuk egin behar dira, herritarrengandik ez zaude hain hurbil… Emakume taldea sortu dugu Aretxabaletan eta espero dut emakume mordoa gerturatzea feminismoaren aldeko borrokan jarduten dugunongana, eta egingo dugu lan berdintasunaren alde, justiziaren alde, askatasunaren alde…

Oraingo agintaldian abian jarritako proiektuotatik zeinek gurako zenuke bereziki jarraipena izan dezan?

Beti esan izan dut baina berriro errepikatuko dut: kuartel zaharrarekin egin daiteke sormen etxe indartsu bat gazteei zuzendutakoa. Bizitza emango lioke auzo horri, baita unibertsitateari ere eta alderantziz. Horrela dinamika ezberdinak sortuko lirateke herri honetan. Hor egon nintzen ni bere garaian, uste dut kontuak ez zirela ondo egin bere garaian, eta guk ez dugu izan ez denborarik, ez dirurik; baina nik uste dut apustua hortik joan beharko litzatekeela. Bestetik, Basotxoko erakinean unibertsitateko ikasleendako, ez dakit ba… erresidentzia antzeko zerbait jarri eta ikasleak erakarriko genituzke bertara. Izan ere, gazteak gazteekin nahasten dira eta orduan bizipoza sortzen da herrian.

Ekainaren 13a arte jarraituko duzu udal jardunean eta gero zer izango da egingo duzun lehenengoa?

Badakizu zer? Oposaketak atera izana oraindik ospatu barik daukat! Kontu mordoa dauzkat ospatzeko ez dudalako izan denborarik lau urteotan. Lagun batzuk ere berreskuratu gura ditut, adibidez Bergarako Oihana, Miren… Badut lagunekin egoteko beharra, baita gurasoekin ere, eta batez ere seme-alabekin. Eta gero zeinek daki, neure plazerak edo kontutxoak ase; baina eguneroko kontuak egin behar ditut. Zorte handia daukat nik; izan ere, izugarri gustatzen zait nire lana, inondik inora salduko ez nituzkeen lagun mordoa dauzkat, nire seme-alabak aurrera doaz, gurasoak ere oraindik hor dauzkat… Bizitzari ez diot gehiago eskatzen; igual bidaiatxo bat, baina ez dut esango nora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak