Alkategaiak ezagutzen

Unai Elkoro: "Sukaldean ibiltzea gustatzen zait, erlaxatu egiten nau"

Marijo Deogracias 2015ko api. 13a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Lehenengoz aurkeztuko da Unai Elkoro (Aretxabaleta, 1973) hauteskundeetara eta jeltzaleen zerrenda buruan independente gisa egingo du bere jaioterrian. Ezezkorik esaten ez jakiteagatik izan dela aitortu digu: "Debaldeko postuetan hainbatetan egotea tokatu zait".

Nondik datorkizu politikagintza zaletasuna? Aurretik ibilia zara herrigintzan?

Holako debaldeko postuetan esan gura duzu? Bai, boluntario asko ez dira egoten eta, hainbatetan egotea tokatu zait.

Zure lehenengo hauteskundeak dira eta zerrendaburu gainera! Nola ba?

Lagun bat daukat urteetan Arrasaten aritu dena udal politikagintzan eta batzuetan ezetzik esaten ez dakigunez… Gainera bailara baten gaude, non jendea ez den askorik inplikatzen eta Eusko Alderdi Jeltzalean, are zailago.   

Baina independente moduan zoaz. Alderdiak zenbat aginduko dizu?

Orain arte ez dut sumatu alderdiak herriko zerrendakideok baino gehiago aginduko duenik.

Eta, nork erabakiko du plenoetan, indenpendenteak ala alderdiak?

Izango da gai politikoren bat, akaso, alderdi mailan erabakiko dena eta hari segika erabakiko duguna guk ere, baina herri politikagintzan guk erabakiko dugu, hori ziur. Euskal Herri mailako eta herri mailako politikak desberdin ikusten ditut nik, bereizi egiten ditut, herriko kontuak herrian erabaki behar dira.

Ezetz esaten ez dakizula diozu, baina zerredanburu joateko erabakia ez zenuen derrepentean hartuko, ala?

Kontua da, banekiela eskainiko zidatela, beraz, denbora nahikoa izan dut bueltak emateko. Jakina, etxekoekin kontsultatu nuen eta andreari ez dio grazia handirik egin, hori aitortu egin behar da.

Ardura horrek denbora ere ematen duelako-edo?

Tira, baina hori kanpainan zehar, asteburuetan egiten direlako ekitaldiak, baina gero gutxiago izatea espero dut.

Gero inaugurazioak izango dira asteburuetan!

Inaugurazioak? Ez dago baina dirurik ezertarako ta!

Aholkuak ondo hartzen dituzu ala aholku emaile zara gehiago?

Gaiaren arabera. Hau da, garbi ez ditudan gaietan aholkua jasotzea beti dator ondo.

Zertan ematen duzu denbora librea? Zer duzu gustuko?

Sukaldaritza gustatzen zait, erlaxatu egiten nau asko.

Ta, zein da zure plater bikainena? Lagunendako ala etxean egiten duzu?

Buztana oso ondo egiten dut eta behin lagunentzako prestatzea ere tokatu zitzaidan. Baina etxean ere aritzen naiz. Postreak ere ondo ateratzen zaizkit, kroasanak egitea gustatzen zait, hojaldrearekin lan egitea. Sukaldean ibiltzeak erlaxatu egiten nau eta andreari ez zaionez gustatzen, ba neu gustura ibiltzen naiz. Eta, erosketak egitea ere asko gustatzen zait.

Sukaldean ibiltzeko lehenengo erosketak egin behar izaten dira-ta!

Lehenengo jatea gustatu behar zaizu eta hori oso gustuko dut! Hola erosketak egiten ere ikasi dut. Mendira joatekotan –ez naiz batere kirolzalea– perretxikotan joaten naiz; ikusten duzun moduan, janak mugitzen nau.

Oposizioarekin negoziatzeko orduan, hortaz, onena mahaiaren bueltan?

Beti izango da samurragoa. Gainera, ez da txarra izango negoziatu beharra izatea, guretzat gauzak ondo joan diren seinale!

Ingeniaritza ikasi zenuen. Zein izan zen karrera amaierako zure lana?

Ba, begira, gaur egun Candy den eta orduan Mayc zenaz egin nuen. Mantenimenduan koste murrizketa plana egin nuen bere garaian, egin kontu!

Ez daukate egoera erraza gaur egun Candyn.

Ez, latza da gertatu zaiena. Ehundik gora langileri eragiten die, baina 98an, esaterako, 400etik gora ziren; jada ez zen Otsein, ordurako italiarrek erosita zeukaten. Gainera, Candyk bazeukan beste arazo bat, hemen kontsumitzen ez den produktu bat egiten zuela; ez gaude ohituta goiko kargako labadorak erabiltzera, erosoagoak izan arren eta toki gutxiago hartzen duten arren. Baina, azkenean, multinazionalekin hori gertatzen da, ez dutela errotzerik eta ondo doakien bitartean geratuko dira, baina gaizki doakien momentutik joan egingo dira. Hala ere, ez dut oso gertutik jarraitu gaia. Asko hitz egiten da, baina niretzat tema delikatuak dira eta ez dakit ondoegi tratatzen ari den gaia. Ez hori, ezta Fagorrena ere.

Komunikabideak, orduan, jarraitzen dituzu.

Egunkariak, batez ere, asteburuetan; bestela, telebista gehiago. Goizetan, esaterako, albiste saioak ikusten ditut eta bestela, egunean zehar, Twitter jarraitzen dut, albisteak jarraitzeko, zer gertatu den berehala jakiteko, oso ondo dago Twitter.

Eta, whatssapp taldeak? Horietan ez zaude?

Bakarrean nago, koadrilakoan, eta egia esateko behar denean bakarrik erabiltzen dugu. Alaba, adibidez, badakit bost taldetan dagoela eta ikusgarriak dira elkarbanatzen dituztenak; baina, esango nuke, ez dugula abusatzen. Are gehiago, zerbait behar dugunean, deitu egiten dugu telefonoz.

Telefonoz deitu? Zer da hori?

Bai ezta! Ahaztu egin dugu telefonoa deiak egiteko ere badela. Hain erraza izanik zerbait behar duzunean deitzea... baina, mezuak bidaltzen aritzen gara eta irakurri duela adierazten duen ikurra pizteko zain! Egia da betidanik gustatu izan zaizkidala gailu elektronikoak, baina telefonoaren dependentzia horretara ez naiz heldu.

Tira, busti zaitez: 2007an 504 boto, 2011n 630, 2015ean?

1.000tik gora. Lau zinegotzi ateratzea da gure helburua, beraz, 1.000 boto beharko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak