Kanpaina hori dago zuzenduta bereziki arrandegiei eta harategiei. "Gura duguna da tupperren erabileraren bitartez murriztea bilgarrien papera, plastikoa…", jakinarazi du Lore Martinez Axpek, Ingurumen zinegotziak. Eta gaineratu du: "Tupper horiek Udalak banatu beharrean, etxean ugari ditugunez, horiek berrerabiltzea dela egokiena uste dugu. Hortaz, kanpainan parte hartzea gura duen edonork, erosketak egiterakoan etxeko tupperra eraman beharko du saltokira".
Ekimenak oso harrera ona izan duela komertzioetako ugazaben aldetik jakinarazi dute, eta guztira hamar bat arrandegik eta harategik hartuko dutela parte. Eta Idoia Elexpuruk, Aretxarte merkatarien elkarteko presidenteak adierazi du babestu egingo dutela ekimena.
50 euroko txartelak opari
Tupperrak erabiltzen dituztenek txartel bat jasoko dute erosketa bakoitzeko, eta hilabete bukaeran zozketa egingo dute horiekin. Irabazleak 50 euroko erosketa egiteko aukera izango du, txartel irabazlea jaso duen saltokian.