Behin partiduak bukatuta sariak banatuko dituzte eta gero, mokadutxoa eskainiko diete elkartutako guztiei. "Festa eguna izateaz gain, aldarrikatzeko eguna ere bada, eta anima daitezela herritarrak bertaratzera", adierazi dute antolatzaileek, UDAko kideek.
Gasteiztik jokatzera
"Giro polita izan dugu eta jokalariak gogotsu ibili dira", jakinarazi dute UDAkoek, eta gaineratu: "Partidu batzuk lehia handikoak izan dira eta beste batzuk ez hainbeste, baina helburua emakumeek parte hartzea zen eta hori behintzat beteta!". Finalera iritsi den bikoteetako bat, Nagore Martin eta Laura Saez, Gasteiztik etorri da. Beste maila batean daudela erakutsi dute, baina pozik hartu dituzte gainerakoek: "Polita izan da maila horretako jendea gurera etortzea, besterik ez bada erreferentzia moduan!", jakinarazi dute. Hala, Oihana Mata eta Leire Valle aretxabaletarrek ez dute samur izango finalean.
UDAko kideek uste dute indarra hartu duela txapelketak; izan ere, hainbat jokalarik lehenengoz hartu dute parte eta gustura jardun dute: "Pentsa, bukatzeko penatan daude". Eta ikusle egon diren batzuk jokatzeko gogoz geratu dira. Hala, bada, datorren urtekoan pentsatzen hasita daude dagoeneko hainbat.