Sanmigelak Aretxabaletan

Herritarrek ere kantuan egin gura dute sanmigeletan

Mirari Altube Arrese 2014ko ira. 26a, 10:29
Herritarrak kantuan iaz, atzean Sei Pistols eta trabuko bat taldea dagoela.

Herritarrek kantuan egin gura dutela erakutsi dute aurreko urteotan San Migel jaietan egindako kantu afariek. Orain dela bi urte bete egin zen Durana kalea, eta iaz, mahai nahikoa ez kantuan egin gura zuten guztiendako. "Oso harrera beroa eduki du ekimenak bi urteotan. Iaz esango nuke San Migeletako ekintza parte hartzaileena eta arrakastatsuenetakoa izen zela", dio Aitor Ziardegik, afaria girotuko duen taldeko musikariak. Aurten 600 lagunendako lekua egongo da. Kantu liburuak erosi egin beharko dira aurten, euro baten truke, Arkupen (22:00ak arte izango dituzte salgai).

Sei Pistols eta trabuko bat taldeak girotuko du aurten ere kantu afaria; Aretxabaletako, Arrasateko eta Aramaioko eskarmentu handiko musikariek osatutako talde dotoreak hain zuzen ere. Hona kideak: Iñaki Barrena (txistua); Urki Larrea (txistua); Igor Herrarte (biola); Oier Sarasua (gitarra); Kepa Urteaga (trikitia); Mikel Albistur (perkusioa); eta Aitor Ziardegi (pianoa).

Dagoeneko kantu liburua gertu daukate, herritarrei banatzeko gertu. "Bertso eskolakoei aurten ere gonbita luzatu diegu gura badute oholtzara igo eta elkarrekin jarduteko", jakinarazi du Ziardegik. Kanta herrikoiak izango dira nagusi, betiko kanta horiek, baina poliki poliki modernotxoago batzuk ere sartuaz goaz", gaineratu du. Hala, Anje Duhalde, Zea Mays eta Sorotan Bele taldeen abestiak ere entzungo dira, besteak beste.

Afaria norberak

Kantuak jarriko ditu Sei Pistols eta trabuko bat taldeak, baina afaria herritarrek. Udalak mahaiak eta aulkiak ekarriko ditu Duranara eta jatekoa norberak jiratu behar. Alde batetik besteraino beteko dute mahaiek kalea, eta erdi-erdian izango dira musikariak, bazter guztietatik entzuteko ondo. Ondo entzun eta kantuan hobeto egin.

Kantuz kalean Basotxokoekin

Basotxo erretiratuen elkarteko abestaldeak ere ekitaldia egingo du San Migel jaien barruan, Kantuz kale ekitaldia. Bihar goizean izango da.

Eibartik eta Arrasatetik etorritako erretiratuen taldeekin bat egingo dute 11:00etan Basotxon, mokadutxoa jateko. Eta ondoren kantuan jardungo dute elkarrekin Aretxabaletako kale bazterrak girotuz. Behin lanean gogor jardun ondoren Basabe jatetxera joko dute guztiek bazkaltzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak