900 sinadura pasatxo dira (galdeketa eskatzeko legeak ezarritakoa), baina askoz gehiago dituzte jasota: "Gainera, plataformakook jasotzen jarraituko dugu eta oraindik sinatu ez duten interesatuek jo dezatela guregana", jakinarazi du Nerea Etxabe kideak. Ildo horretatik eskerrak eman gura dizkiete orain arte sinatu duten guztiei.
Sinadurekin batera galdeketaren eskaera aurkeztu dute udaletxean. Honako eskaera egin diote alkateari: "Borondatezko edukiontzi sistema (bosgarrena) eta derrigorrezko atez atekoaren artean herritarren nahia zein den ezagutzeko herri kontsulta sustatuko duen udalbatzarra egitea eskatzen dugu". Erantzunaren zain geratu dira orain: "Herri agintariek epe motzean herriari hitza emango diotela espero dugu", esan dute eta "ezezkoa" jasoz gero mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri. Bien bitartean protesta gisa jarritako zabor poltsak ez kentzeko leiho eta balkoietatik eskatu diete herritarrei.
"Gizalegez" jokatzea eskaera
Atez ateko bilketa sistema abian da, baina atzera egiteko ez dela berandu uste dute: "Orain arteko inbertsioa ez da handia izan, mantentze gastuak ditu handiak sistema honek, eta beti egin daiteke atzera", diote.
Hala ere, atez atekoa martxan dagoen bitartean "zentzuz" jokatzeko eskatu dute: "Bosgarrenaren aldeko plataformatik gizalegez eta gainontzeko herritarrekin arduratsu jokatzeko eskatzen dizuegu, gure konpromisoa herritarren ongizatearekin eta ingurumenarekin da-eta".