Ibarra kiroldegia ofizialki zabalik

Mirari Altube Arrese 2012ko ira. 3a, 14:05

Ibarra kiroldegia zabaldu dute irailarekin batera eta ohiko ordutegia dauka gaurtik: astelehenetik egubakoitzera, 08:00-21:30; zapatuetan, 08:30-14:00 eta 16:00-20:00; eta domeka eta jai egunetan, 09:00-14:00. Aretxabaletarrek, lau urtean zain egon ondoren, kiroldegi dotorea estreinatuko dute.

Joan den astean zabaldu zituzten Ibarrako ateak, eta datozen 10 urteotan kiroldegia kudeatuko duen enpresak –LKS, Athlon eta Ondoan hirukoak– aretxabaletar guztiei eman gura izan zien aukera instalakuntzak ezagutu eta erabiltzeko; baita herritarrek erabili ere, batez ere igerilekua eta spa gunea.

Dagoeneko gela guztiak daude hornituta, baita gimnasioak ere ekipamendu modernoarekin. Instalakuntza horiek behar bezala funtzionatzen dutela frogak egiteko aprobetxatu zuten joan den asteko ate irekiak, eta poliki-poliki dagokien martxa hartzen doaz guztiak.

Oraingoz inauguratzerik ez

Abonatze kanpaina, ostera, uztailetik dago abian, eta joan den asteko ate irekiekin batera eskaera asko dabiltza jasotzen. Hala, Ibarrako kideek jakinarazi dute dagoeneko iritsi direla 500 abonatuetara. Horiek igerilekurako txanoa jasoko dute oparitzat egunotan. Argibideen eta tarifen berri jakin gura duenak kiroldegira jo dezala –943 03 98 42 eta info@ibarrakiroldegia.com–.

Bestalde, inauguratze ekitaldirik oraingoz ez dela egingo jakinarazi dute, urrirako iragarritako hauteskundeak direla-eta. Ondoren, urri bukaeran edo azaroan, izango da inauguratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak