Beñat Arnaitz Espainiako onenekin lehiatuko da domekan, Madrilen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ots. 11a, 12:10

Hurrengo hitzordua domeka honetan dauka Beñat Arnaitz duatloilari aretxabaletarrak. Madrilen izango da, Espainiako Kopan sailkatzeko balio duen proban. Domekakoa koparako baliogarriak diren proben artean lehena izango da, eta Arnaitzek jakinarazi duenez, duatloilari onenak "ahalik eta lasterren" sailkatzen saiatuko dira.

Lehen 25en artean geratu beharra dago eta, Arnaitzen arabera, lehen 10 edo 15ak profesionalak dira. Ez da hori aretxabaletarraren kasua. Izan ere, astean zehar egunero zortzi ordu lan egin ostean aste bukaeretan hartzen du parte probetan.

Valentzian hasi zuen denboraldia

Podiumaren altuerarik baxuenean, baina podiumean. Halaxe hasi du denboraldia Beñat Arnaitz Lagunak Saltoki taldeko duatloilari aretxabaletarrak. Joan den asteburuan izan zen proba, Valentziako Manises herrian. Valentziako probarekin "pozik" dago Arnaitz: "Tripetako arazoekin egon naiz azkenaldian, ospitaleratuta ere egon nintzen, eta horregatik lehen proban ez nekien nola egongo nintzen". Lasterketa gutxigatik ez zuen irabazi: "Korrikan egin beharreko lehen bost kilometro bizien ostean, bizikletarekin talde burua atzean uzten saiatu nintzen baina ez nuen lortu, ezin izan nuen ihesaldia gauzatu. Ez zidaten erreleborik eman eta korrikan egin beharreko azken txanpan igarri nuen bizikletaren gainean egindako ahalegina".
Azken txanpan, beraz, nekea nabaritu zuen duatloilari aretxabaletarrak eta erritmoa zertxobait jaitsi zuen. Edozelan ere, bigarrenarengandik 30 segundo eskasera heldu zen.

"Gakoa lehen tartea izango da"
Gaur bertan Iruñean egingo du lo eta bihar arratsaldean hartuko du Madrilerako bidea: "Probako gakoa lehen zatian egongo da, korrikan egin beharreko lehen bost kilometroetan". Gero, bizikletan egin beharko ditu 25 kilometro eta azkenik bi kilometro eta erdi egin beharko ditu korrika.
Esandako moduan, Espainiako duatloilari onenak elkartuko dira Madrilen. 25 onenak sailkatzen dira eta horretarako lau edo bost proba izango dituzte: "Zaila izango 25 onenen artean sartzea, maila oso altua delako, baina domekan behintzat lasterketa ona egitea espero dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak