Garapen iraunkorraren gaineko berbaldia egingo dute martxoaren 15ean

Mirari Altube Arrese 2005ko mar. 11a, 12:56
Zer da Tokiko Agenda 21? Eta Udaltalde 21 Debagoiena? Gehienok jakin ez arren, herritarron etorkizuna erabakiko duten gaiak jasotzen dituzte. Horren berri emateko berbaldia egingo dute martitzenean, martxoak 15, 19:00etan, udaletxeko ganbaran.

Modan dauden berbak dira Tokiko Agenda 21. Aretxabaletako Udalak, gainera, aurrera eramateko konpromisoa dauka hartuta. Baina badakigu zer dagoen berba horien atzean?

Ingurumena baino gehiago

Ingurumenarekin lotzen dugu Tokiko Agenda 21, baina oker gaude. Etorkizunarekin dago lotuta, garapen iraunkorrean oinarritutako etorkizunarekin. “Garapen iraunkorra egungo beharrak asetzeko gai den garapena da, hurrengo belaunaldiek beren beharrak asetzeko duten gaitasuna arriskuan jarri gabe” dio 1987an Nazio Batuek hartutako erabakiak. Horrela bada, hiru zutabe ditu iraunkortasunak: ingurumenaren errespetua eta babesa; berdintasuna eta giza justizia; eta garapen ekonomiko orekatua. Etxebizitzak, mugikortasuna, hondakinak… hori guztia eta gehiago batzen ditu Tokiko Agenda 21ek. Aurrera eroateko, baina, herritarron konpromisoa ezinbestekoa da. Izan ere, geuk erabaki behar dugu zein eratako herria gura dugun.

Udalaren konpromisoa

Tokiko Agenda 21 aurrera eroateko Udaltalde 21 Debagoiena osatu zuten. Talde honetan daude Debagoieneko mankomunitatea, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta ibarreko udalak. Aurreko agintaldian hartu zuen Aretxabaletako Udalak garapen iraunkorraren gaineko prozesua aurrera eroateko konpromisoa. Sentsibilizazio kanpainarekin hasita dago, eta Udal teknikari eta politikoak jakinaren gainean daude. Orain herritarrei aurkeztu behar diete, eta hala egingo dute martitzenean, hilak 15. Aurkezpenean eredu eta esperientzien berri emango dute, eta eztabaidarako aukera egongo da, herritarrek zeresan handia daukatelako prozesu honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak