San Blasek bedeinkatutako jakiek eztarriko gaitzak sendatzen ei dituzte. Fede horri jarraituta, batzuk Sailuenteko ermita barruan eta beste batzuk kanpoan, guztiek jarraitu dute Jesus Ortiz de Urbina parrokoak esan duen meza. Jakien bedeinkapena egiteko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak ere hurreratu dira. Aurten, baina, beste batzuetan baino gutxiago euria eta hotza zirelako nagusi.
Armeniako gotzaina
San Blas, 316 urte inguruan bizi izan zen Sebasten, Armenian. Medikua zen bera eta kristautasunaren alde egindako lanaren ordainetan gotzain izendatu zuten. Ez zen denbora luzean izan, kristauen aurkako jazarpenaren ondorioz atxilotu eta burua moztu baitzioten. Kondairak dioenez eztarrian arrain hezurtxoa trabatuta zuen umea sendatu zuen hil aurretik. Ondorioz eztarriko gaitzak edo minak osatzen dituela diote fededunek.
Sailuenteko ermita
San Blasen irudia Apotzaga-Etxebarri auzoko Sailuenteko ermitan dago. Sailuente izena Ecclesia Sancti Laurenti izenetik datorren ustea dute, hau da, Laurentius (Lorentzo) izeneko martiri ezagun baten omenez. X. mende inguruan eraikiko zuten ustea dago, eta parrokia izan zen bataiatzeko dagoen harriak ziurtatu bezala. San Blasen irudiaz gain San Lorentzorena eta San Joanena daude, eta garai baten Amabirjinaren irudi erromanikoa ere bazegoen. Irudi hori orain Aretxabaletako parrokian daukate.