Herriko hainbat gazte hasi ziren antolatzen Kanuto Deuna orain bost urte. Norberak marihuana kontsumitu eta hazteko duen eskubidea aldarrikatu gura dute jaiarekin.
Gaur eta bihar hitzaldiak
Zapatua baino lehen hitzaldi bi egingo dituzte. Gaur, 22:00etan, arriskuak zela gutxitu izango dute hizpide, eta bihar, hilak 20, drogen gaineko politikaren inguruan egingo du berba Martin Barriusok 19:00etan, Mitarte kalean dagoen lokalean.
Bazkaria eta musika
Zapatuan, urtarrilak 22, egingo dute ospakizun nagusia. Egitarauari dagokionez, iazkoaren oso antzekoa da. Egunari hasiera emateko bolo txapelketa egingo dute bolatokian, 12:00etan. Herri bazkaria egongo da gero, eta bazkalostea Juan Luis Lekunberri musikari aretxabaletarrak girotuko du. Jokoak eta dantza afrikarren erakustaldia ere egongo dira. Arratsalde partean, kalejira egingo dute Elektrotuna taldearekin eta ilunkarako hotzari aurre egiteko salda beroa eskainiko dute 20:30ean. Eguna bukatzeko Karlote y Los 3 Del Patibulo eta Akulu taldeen kontzertua egongo da Mitarte kaleko lokalean.