Pas de Basque ikuskizuna eskainiko du Argia Dantzari Taldeak uztailaren 3an

Mirari Altube Arrese 2004ko eka. 30a, 17:53
Argia Dantzari Taldeak Pas de Basque ikuskizuna eskainiko die aretxabaletarrei zapatuan, uztailak 3, kirol etxean. Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen taldeak 2002an aurkeztu zuen lehen aldiz ikuskizuna, eta geroztik euskal dantzen ikuskizun berritua han eta hemen dabil.

Euskal dantza tradizionalak aurkeztuko ditu Argia Dantzari Taldeak Pas de Basque ikuskizunean, baina erabat berrituta. Hiru zati ditu Pas de Basque-k: Desafioa, mutilek dantzatzen duten aurreskua ardatz hartuta; Patuaren Dantzak, Zinta Dantzak adierazten duen bizitzaren zuhaitzean oinarrituta; eta Aratusteetako Dantzak, Zuberoako dantzak oinarri hartu eta hainbat berreskuratu dituzte.

Dantzari ugari izango dira eskenatokian, 40tik gora, tartean Añorgako Arkaitz, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka taldeetako kideek; baita hamar bat musikarik ere.

2002an aurkeztutako ikuskizuna

Pas de Basque ikuskizuna 2002ko irailean aurkeztu zuten lehen aldiz Miarritzen. Geroztik geratu barik ibili dira han eta hemen, eta antzokirik dotoreenetara hurreratu da Argia Dantzari Taldea: Bilboko Arriagara, Iruñeko Gaiarrera, Donostiako Hamabostaldira, Zugarramurdiko kobazuloetara Rafael Amargo dantzari ezagunarekin batera… Zapatuan, uztailak 3, Aretxabaletako kirol etxera hurreratuko dira, eta ikuskizun bikaina eskainiko dute 22:30ean hasita. Sarrerak aurrez eros daitezke kultura etxean, kirol etxean eta Gurea eta Arlutz tabernetan 15 euroren truke; egunean bertan, leihatilan 18 euro izango dira.

Argia Dantzari Taldea

Urte asko daramatza Argia Dantzari Taldeak euskal kulturaren alde lanean. Juan Antonio Urbeltzek 1965ean hartu zuen taldearen zuzendaritza, baina dagoeneko sortua zegoen. Tokian tokiko dantzak ezagutu eta berreskuratzen hasi zen Argia, Urbeltzen esanetara. Hala, herri txikietara jo, dantzari eta musikariekin hitz egin, jantziak osatu eta ikuskizunak gertatu zituen Urbeltzek. 1967ko otsailean aurkeztu zen lehen aldiz jendaurrean Argia Dantzari Taldea, eta aho zabalik utzi zituen ikusleak. 70eko hamarkadan herrialde bakoitzaren gaineko ikuskizunak aurkeztu zituzten. Gero, ostera, dantza berriak sortzen hasi zen Juan Antonio Urbeltz. Horrela sortu zituen 1987an, Irradaka; 1988an, Zortziko; 1989an, Muriska; 1992an, Alakiketan; eta 1997an, Kondharian. Irulea eta Itzaiaren ezteiak. 1998an, bestalde, Europa saria eman zioten taldeari Hanburgon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak