Batzarra egingo du UDA elkarteak gaur etorkizuna erabakitzeko asmoarekin

Mirari Altube Arrese 2004ko api. 1a, 13:56
Ez ohiko batzarra egingo du UDA elkarteak gaur, apirilak 1, 19:00etan, kultur etxean. Urtarrilean ere egin zuen, baina zuzendaritza batzordea berritzeko ez zen inor aurkeztu, eta bigarren saiakera egin gura dute.

Urteko bigarren ez ohiko batzarra egingo du Aretxabaleta Kirol Elkarteak apirilaren 1ean. Zuzendaritza batzordea berritzea dute helburu, baina batzorderako kideak ezin aurkituta dabiltza.

Jendea behar du UDAk

Guztiz nekatuta dago UDAko zuzendaritza batzordea. Izan ere, hiru lagunen gainean dago elkarteko ardura osoa. “Badakigu batzarrean ez dela inor agertuko zuzendaritzarako”, dio Rafa Etxeandia batzordeko kideak, “baina gu erabat nekatuta gaude, arazo pertsonal bihurtzen hasi zaigu, eta ekaineko batzar orokorrerako ez badugu ordezkorik ez dugu jarraituko”.

Rafaren esanetan, borondate ona dauka Udalak, baina jendea behar du UDAk momentu honetan, 8 edo 10 lagun beharko lituzke, eta Udalak ezin dio hori eman. Beste herri batzuetan gurasoak elkartu dira kirol elkarteko ardurak banatu eta aurrera egiteko. Aretxabaletan, ostera, herriko mutikoez gain inguruko herrietakoak ere badabiltza eta horrek zaildu egiten du arazoaren konponbidea.

UDA elkartearen inguruan lanean dabiltzan edo behintzat jarraitzaile diren hainbat laguni iritzia eskatu diegu. Zein izan daiteke irtenbidea?

  • Bixente Etxeandia UDAko presidentea: Presidente figura falta zaigu; hori topatuta beste batzorde kideak topatuko genituzke. Hori ez bada gertatzen, irailean guraso elkartea sortu beharko genuke, baina ez litzateke irtenbide ona izango.
  • Araceli Herran UDAko bazkidea: Arazorik handiena inork ez duela ardurarik hartu gura da. Neure ustean adituak diren lagun pare bat jarri beharko lirateke ordainduta, eta gero gurasoak laguntzeko egon.
  • Mikel Uribetxebarria kirol zinegotzia: Irtenbide zaila du. Kirol taldearen zuzendaritzak taldea zuzendu eta kudeatu bakarrik egin beharko luke, eta gainerako lanak beste batzuen eskuetan utzi. Gurasoak inplikatzen hastea beharrezkoa da.
  • Nerea Garcia UDAko bazkidea: Ulertzekoa da zuzendaritzaren erabakia urte asko dira-eta. UDAko jarraitzailea den herriko koadrila bat animatuko nuke ardura hartzera; garrantzitsua da jende gazteak hartzea.
  • Jokin Antxia UDAko bazkidea: Mahai baten aurrean jarri, arazoak non dauden ikusi, landu, baloratu eta banan-banan konpondu beharko lirateke. Bestalde, zuzendaritzaren lanak samurtu ditzatela jendea sartzera animatu dadin.
  • Agurtzane Elkoro kirol zinegotzi ohia: Oso irtenbide zaila du. Herrian kirol elkarte bakarra sortu beharko litzatekeela uste dut, arazoa elkarte guztietan dutelako. Gero Udalaren laguntzarekin pertsona profesional bat hartu beharko lukete eta horri herritarrek lagun diezaiotela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak