Herriko erretiratuek oraindik zeresan handia daukate. Hori bai, inork ez diela ezer emango jakinda eurek antolatzen dituzte erretiratuendako ekintzak eta zerbitzuak. Azkenengo jarri dituztenak ile apaindegia eta podologia zerbitzua dira. Baina aipatutako guztiak erabili eta elkartean parte hartzeko bazkide izan behar da. Hortaz, erretiratuak anima zaitezte eta elkartean izena eman.
Ile apaindegia
Azken urteotan ile apaindegi eske ibili da Basotxo elkarteko batzordea. Iaz gela txiki bat egokitu eta azaroan jarri zuten abian aipatutako ile apaindegia. Eva Valor eskoriatzarra da ile-apaintzailea, eta egunero jarduten du bertan, arratsalde partean. Aurrez telefonoz deitzea komeni da, hortaz, hona zenbakia: 645 70 63 76.
Podologoa
Orain, ostera, podologia zerbitzua jarriko dute. Datorren eguaztenean hasi (urtarrilak 21), eta hileko hirugarren eguaztenetan joango da Alex Azkarate podologo arrasatearra, hanketako kailu eta gogorruneak biguntzera. Kasu honetan ere aurrez eskatu behar da hitzordua Basotxo elkartean bertan, 11:00etatik 12:00etara bitartean. 9,50 euro ordaindu beharko da zerbitzua.