Muru-Alde elkartea 50. urteurrena ospatzen dabil azken egunotan. Hori dela eta, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeko kideak gonbidatu zituzten atzo, hilak 20, elkartera. Migel Madariaga eta Julian Gorospe Euskaltel-Euskadi taldeko arduradunekin batera Iban Mayo, Haimar Zubeldia, honen anaia Joseba, eta Dioni Galparsoro txirrindulariak etorri ziren. Horiez gain taldeko beste arduradun batzuk ere egon ziren, tartean, Athleticeko jokalari izandako Genar Andrinua.
40ren bat lagun batu ziren elkartean, eta oso giro polita sortu zuten. Gorka Etxabe kazetariak aurkezle lanak egin zituen, eta batutakoek hainbat galdera egin zizkioten bai arduradunei, bai txirrindulariei. Hitzaldi-mahaingurua bukatu zutenerako elkarteko kide den Aramaixok afari goxoa zeukan prestatuta guztiendako.