Aramaioko energia talde eragilea sortzeko bidean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko api. 26a, 09:53

'Aramaioko egoera eta aukera energetikoak' hitzaldia martitzenean. (Argazkia: I.A.A.).

Aramaioko Udala energia talde eragilea sortzeko pausoak ematen ari da eta taldea sortzeko abiapuntu gisa planteatu zuen martitzenean Debagoiena 2030eko Aritz Ameztegik gidatu zuen Aramaioko egoera eta aukera energetikoak hitzaldia.

Duela zenbait aste, Aramaioko Udalak bilera egin zuen hainbat herritarrekin, herri mailan energiaren inguruko talde eragile bat sortzeko planteamendua egiteko. Energia talde eragilea sortzeko abiapuntu gisa proposatu zuen Udalak martitzenean Debagoiena 2030eko teknikari Aritz Ameztegik gidatutako Aramaioko egoera eta aukera energetikoak hitzaldia. "Bilera hartan zenbait pertsonarekin jarri ginen harremanetan, taldetxo bat elkartu ginen, azaldu zen zein den asmoa, eta hau izango litzateke bigarren pausoa Aramaioko emaitzak ezagutzeko. Hemendik aurrera proposatuko da talde horren baitan bestelako bilera batzuk edo lanketa espezifikoagoa egitea", zioen Gorbeialdeko Ingurumen teknikari Jon Toñak saioaren hasieran.

Hala, Ameztegiren hitzartzearen ostean, Aramaioko alkate Asier Agirrek hartu zuen hitza eta adierazi zuen Udal Gobernuak ikusten duela Aramaion komunitate energetikoa sortu beharra: "Hori lantzen gabiltza era kooperatiboan edo komunitatea bera bakarrik bezala. Bideratu egin behar da epe ertainean". Kiroldegiko plaka fotovoltaikoen proiektua martxan dago eta Aramaioko alkateak iragarri zuen aste honetan eguaztenean zela Energiaren Euskal Erakundera joatekoa, Aramaixo Herri Eskolan eta kultur etxean biomasa galdarak jartzeko asmoa: "Gaur egun daukagun gas eta energia kontsumo datuekin eta inguruan hainbeste baso edukita, bada garaia pausoa emateko. Ezin diogu heldu duela 16 urte egin zen biomasaren proiektuari; orduan, ateak jotzen jarraituko dugu energiari buruzko debate honekin. Zenbat eta jende gehiago etorri ekarpenak egitera, hobeto. Ongietorriak izango dira".

Aramaio aztertuz

D2030 ekimenean hainbat eragilek hartzen dute parte, eta horietako bat da Aramaioko Udala; ibarreko herrietako energia kontsumo eta isurketak aztertu ditu, Udal Sareak emandako datuekin, eta Aramaioko datuak izan zituen hizpide D2030eko teknikari Aritz Ameztegik. Hasieratik argi utzi zuen datuak ez direla "perfektuak", asko estimazioak direla eta datuak aztertzen hasitakoan atzeman zituztela hutsuneak.

2016 eta 2019 bitarteko azterketa egin dute herriz herri, eta ateratako ondorio batzuk dira hauek: Aramaion energia gehien kontsumitzen duen sektorea garraioarena da eta bigarrena etxebizitzarena. Isurketen garrantzia berezia daukala esan zuen Ameztegik. Alabaina, bertaratu zirenetako batzuk ez zeuden ados. "Abeltzaintza ereduaren arabera, neurketa ezberdina da Aramaion; zelai-hektarea asko daude, eta zelai horiek CO2 xurgatzaileak dira. Ezin dugu abeltzaintzaz horrela hitz egin Aramaion daukagun ereduarekin, gure xurgatzaile balioak kontuan hartu gabe", zioen parte-hartzaile batek. Toñak azpimarratu zuen Udal Sarearen datuetan isurketak daudela, baina karbonoaren xurgapena ez dela kuantifikatzen: "Alda- rrikatu behar zaie datuak ematen dizkigutenei, mesedez, hori kontuan hartzeko". Eskualdeko beste herriekin alderatuz kontsumo elektrikoaren ehunekoa "oso baxua" da, %13, eta etxebizitzen %86k E, F eta G energia ziurtagiria daukate.

Azkenik, Aramaion zentratuz, beroa sortzeko aukera egokiena biomasa zela planteatu zuen, baina basoak izan arren zenbait eragozpen egon litezkeela. Argindarra sortzeko, berriz, eguzki energia fotovoltaikoak, eta ondorioztatu zuen, besteak beste, herriko teilatu egoki guztietan plakak jarriko balira, behar den argindarraren halako bost lortuko litzatekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak