Martxan da San Martin Pilota Txapelketa

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 7a, 15:04

Pasa den asteburuan eman zitzaion hasiera txapelketari. Argazkia: Aramaio Pelota Elkartea

Pasa den asteburuan eman zitzaion hasiera Araba mailako pilotari gaztetxoenak batzen dituen txapelketa horren laugarren edizioari; 98 pilotari ariko dira guztira eta finalak San Martin egunean bertan jokatuko dira –azaroak 11–, herriko frontoian.

Arabako pilota eskola desberdinetako 98 pilotari arituko dira lehian dagoeneko abian den San Martin Pilota Txapelketan, eta guztira 120 partidu jokatuko dituzte. Lau kategoria ezberdin izango dira, benjaminak, kimuak, infantilak eta kadeteak, eta kategoria bakoitzean bi maila izango dira: A maila eta B maila, pilotarien mailaren arabera: "Suposatzen da A mailan daudenak kategoriako onenak direla", azaldu du Josu Olaizolak, Aramaio Pelota Elkarteko kideak.

Laugarren edizioa du Aramaio Pelota Elkarteak antolatzen duen txapelketa horrek. Ohi bezala, ligaxka formatua izango du, eta, bi hilabete eta erdiz, astebururo hamaika partidu izango dira Aramaioko pilotalekuan. "Normalean, egubakoitzetan lau partidu izango dira eta domeketan zazpi. Baina asteburuaren eta pilotarien arabera, aldatu egin daiteke hori", azpimarratu du Olaizolak.

Hala, egubakoitzetan 18:00etatik 20:00etara bitartean izango dira partiduak eta domeketan, 10:00etatik 14:00etara.

Lau kategorietako finalak azaroaren 11n, San Martin egunean bertan, izango dira, arratsaldez –guztira zortzi partidu, kategoria bakoitzean bi maila daudela kontuan hartuta–.

Gazteei aukera

Txapelketaren helburuak orain arteko bera jarraitzen du izaten aurtengoan ere: pilotari gazteei jokatzeko aukera ematea, alegia. "Helburu nagusia da pilotari gaztetxoek aukera izatea zuriz janzteko eta pilotalekuan partiduak jokatzeko. Izan ere, entrenatu egiten dira, baina ez dute aukera handirik izaten partiduak jokatzeko", adierazi du Olaizolak. Horrez gain, beste helburu nagusi bat da Araba mailan dauden pilota talde ezberdinen arteko harremanak sustatzea eta sendotzea. Hala ere, Olaizolak nabarmendu du alde horretatik ez dagoela arazorik, harremanak "oso onak" direlako.

Herriko 21 pilotari

Olaizolak jakinarazi duenez, 21 pilotari aramaioar ariko dira aurtengo edizioan. "Kategoria guztietan dago Aramaioko ordezkariren bat, baina gehienak pilotan hasiberriak dira; hau da, benjamin mailakoak".

Asteburu honetan herriko bi bikotek izango dute partidua, eta biek ala biek Lakuako bikoteak izango dituzte aurkari. Batetik, kadete B mailan, Arriolabengoak eta Riok egubakoitzean jokatuko dute, eta, bestetik, kadete A mailan, Axpek eta Olaizolak domekan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak