Abuztuan Araia Umorezko Antzerkiaren hiriburu izan ohi da bere jaialdiari esker. Horren bueltan, baina, Arabako beste hainbat herri eta auzotara ere zabaldu dute egitaraua, eta gurera ere iritsi da, Aramaioko Oleta auzora zehazki.
Juana eta Mantso, Baserriko porrusalda antzezlaneko protagonistak, euren motor berezia gidatzen iritsi dira Oletaraino, eta euren sukalderako trebeziak eta trikimailu bereziak erakutsi dizkiete plazan bildutako ikusleei. Hauek, euren partetik, aspertzeko tarterik ez dute izan, eta barrez lehertu dira bikote xelebrearen errezeta ikasi bitartean.
Abuztu erdia izanda ere, jende asko gerturatu da antzezlana ikusi eta arratsalde polita pasatzeko asmoz. Bada, itxura denez, Baserriko porrusaldak aho zapore ona laga die.
Aipatu bezala, aurtengoa Araia Asparrengo Umore Antzerki jaialdiaren hogeita laugarren edizioa da; beraz, datorren urtean mende laurdena beteko du urtez urte gero eta ezagunagoa den hitzordu honek.