San Esteban jaiak Uribarrin
Behin Santixa eguna igarota, San Esteban jaiak ospatuko dituzte Uribarri auzoan, eta asteburu osoko egitaraua prestatu dute. Egubakoitzean hasiko dituzte jaiak. 16:00etan, auzolanean, gauza guztiak prestatuko dituzte, jaiak behar bezala hasteko. Ondoren, 19:30ean, txupinazoa botako dute, kanpai jotzearekin batera eta horren ostean, kantu afaria egongo da, 21:00tan.
Zapatuan, 12:00etan meza egongo da auzoko elizan, Bizente Goikoetxea abesbatzak lagunduta. Ostean, bolo txapelketa egongo da, baita auzo-jira ere, trikitilariekin lagunduta. Arratsaldean, berriz, briska eta mus txapelketa egingo dute, 17:30ean hasita. Horrez gain, umeek ere edukiko dute ondo pasatzeko aukera, jolasekin eta puzgarriekin, 18:00retatik aurrera. Egunari bukaera emateko, 20:00etan, berbapasie egingo dute.
Domekari dagokionez, 12:00etan auzokoen aldeko meza egingo dute, biolin-jole baten eta piano-jole baten emanaldiarekin batera. 13:00etan, briska eta mus txapelketen finalak jokatuko dira eta ostean, sari banaketa egongo da, bolo, briska eta txapelketetako sari banaketa, hain zuzen. Azkenik, 14:30ean, jaiei amaiera emango zaie, txupinaren bitartez.
Alazne Ibabe auzo-alkateak Uribarrira gerturatzeko eta jaietan parte hartzeko deia egin die auzotarrei, zein herritar guztiei.