Gaur egun, musika eragile asko daude Aramaion: Guraso Elkarteak kudeatutako eskola –gitarra, pianoa eta txistua erakusten da bertan–, trikiti eskola, txalaparta, albokariak, hiru abesbatza, flamenkoa....
Hala ere, ez dago eragile guztiak batzen dituen gunerik. Hori da, hain zuzen, Udalak Arabako Foru Planean aurkeztu berri duen proiektuetako bat, Aramaioko musika etxea. Izan ere, herritarren lehentasunak jasotzeko prozesuan, pisu handia izan duen gaia izan da, eta Udalak ere beharra ikusten du. "Eskolaz kanpoko ekintzak eskolan kokatzen dira, trikiti klaseak ere hor ibiltzen dira. Beraz, guztiak gune egokian kokatzea interesgarri ikusten dugu, eurak ere elkar elikatzeko. Izan ere, musikari lotutako mugimendu dezente dago eta gurea bezalako herri batean garrantzitsua da horri eustea", adierazi du Lierni Altunak, alkateak.
Larraitz Arriolabengoa musika irakaslearen esanetan, proiektu hau gauzatzeak musikarien arteko elkarlana sustatuko luke. "Ez da planteatu musika eskola bat, baizik eta musika etxe bat, eta hori Aramaio moduko herri batentzat ezinbestekoa da. Uste dut garrantzitsua dela musika eragile guztiok bateratzeko leku bat edukitzea, eta hori eskolan ezinezkoa da. Guztiok batera leku berean egoteak elkarlana dakar eta musika eragile guztiok indartuta aterako ginateke", adierazi du.
Ezinbesteko laguntza
Gaur egun, musika eskola gehienak San Martin eskolan eskaintzen dira, eta eskolaren laguntza ezinbestekoa da honetan guztian. "Eskola oso ondo portatu da gurekin eta beti erraztasunak eman izan dizkigu. Gainera, zortez, eskolan piano bat dago eta horrek zerbait errazten dizkigu gauzak. Baina nire pianoarekin gora eta behera ibiltzen naiz askotan eta ikasleek orduak ere partekatu behar izaten dituzte", dio musika irakasleak.
Geroz eta musikari gehiago
Musikarekiko zaletasun handia dago herrian, eta geroz eta musikari gehiago daude. Hori horrela, are garrantzi handiagoa hartzen du proiektu horrek, Arriolabengoaren arabera.
Erantzuna, abenduan
Behin proposamena Foru Aldundian aurkeztuta, Udalak espero du urte bukaeran jakitea proiektua gauzatzeko dirua jasoko duen edo ez, eta, hala balitz, zenbat jasoko duen. Behin erantzuna jasota jakingo da proiektua egin ahal izango den edo ez