Gimnasioa eta erdisotoa, abian

Eneko Azurmendi 2017ko uzt. 13a, 19:30

Langileak San Martin eskolako erdisotoan, lanean.

Uda aprobetxatuta, bi obra nagusi egingo ditu Udalak herrian: kiroldegiko lehenengo solairuko gelaren intsonorizazioa eta egokitzea eta San Martin eskolako erdisotoaren egitura birmoldaketa; aste honetan bertan hasi dituzte lanak, batean zein bestean.

Eskolako erdisotoa zaharkituta gelditzen ari zen eta birmoldaketa beharra zeukan. Gainera, hezetasun arazoak ere bazituen. Hori dela eta, ikasleak oporretan daudela aprobetxatuz, eraberritze lanak hasi ditu dagoeneko Udalak. Eli Izagirre eskolako zuzendariak adierazi du aldaketa beharra bazegoela: "Bi gelak aspaldi eraberritu gabe zeuden, eta pentsatu da birmoldatzea, tabikeak bota eta egituraketa berria egitea. Lurra ere egokituko da", dio.

Hala, egitura guztia birmoldatuko da. Izan ere, ludoteka aurrealdera pasako da –hezetasun arazoak daude gela horretan– eta atzean bi biltegi egingo dira, eskolaz kanpoko ekintzetarako erabiltzen den materiala batzeko. Horretarako, gimnasiotik biltegi eta ludotekara joateko sarbidea edo pasilloa lekuz aldatuko da. Horrez gain, komuna ere egokituko da. Lehen, komun bat zegoen, eta aurrerantzean, bi egongo dira, dutxa zaharra kenduta eta irisgarri eginda.

Egituraketa aldaketa egin arren, erabilera ez da aldatuko. "Guztiak berdin jarraituko du. Biltegiak eskolaz kanpoko zenbait eragilek erabili ahal izango dituzte euren materialak gordetzeko, eta ludoteka eskolako haurrek erabiliko dute, bai goizeko orduetan, baita bazkalostean ere, orain arte moduan", azaldu du eskolako zuzendariak.

Aurreko astean garbiketa bat egin zen erdisotoan, guztia hustu eta lanak modu egokian egin ahal izateko. Eskolako irakasle eta zuzendariaz gain, gurasoak eta alkatea bera ere ibili ziren garbiketa hori egiten, eta material zaharra botatzeko aprobetxatu zuten.

Solairu berean gimnasioa dago, baina han ez dute aldaketarik egingo, dagoenetan mantenduko da, "egoera onean dago".

Kiroldegiko gimnasioa

Aste honetan hasi dituzten beste lanak kiroldegiko gimnasiokoak dira. Izan ere, Aramaioko lehentasunen prozesuan, herritarren iritzia jaso zuen Udalak, eta askotan agertu zen gaia izan zen kiroldegia egokitu beharrarena. Horrez gain, ekintza ezberdinak –mantentze gimnasia, yoga, pilatesa, euskal dantza, flamenkoa…– egiteko leku egoki baten beharra izan zen herritarren eskakizunetako bat. Izan ere, ekintza bakoitza leku batean egiten da –yoga kultura etxean, pilatesa osoko bilkuren aretoan, flamenkoa Sastiñan...– eta horrek arazoak sortzen dituela adierazi du Lierni Altuna alkateak. "Beharra sortzen da. Adibidez, kultura etxean hitzaldi bat antolatu gura badugu eta yoga badago,  bietako bat kendu behar izaten dugu, eta hor ezintasunak sortzen zaizkigu", dio.

Hori dela eta, herritarren beharretara egokitzeko helburuarekin, aurrerantzean ekintza horiek  guztiak gela berri horretan praktikatu ahal izatea da Udalaren asmoa. "Ez dakit posible izango den; agian, ordutegi arazoak izango ditugu, baina asmoa hori da, aipaturiko ekintza horiek guztiak praktikatzeko leku egokia izatea herrian", azpimarratu du Altunak.

Lan horien bigarren fasea da aste honetan hasitakoa. Izan ere, aurreko urteetan, aldagelak eta ur berogailua berritu zituzten, eta iaz, kiroldegiko gimnasioa egokitzen hasi zen Udala, lehen solairuan zegoen gimnasio zaharra handituz, komun berriak eginez eta barra kenduz. Orain, berriz, gela hori erabilgarri uztea da bigarren pausoa, ekintzak behar bezala burutu ahal izateko. "Orain egin behar dena da intsonorizatu, lur egokia jarri, leihoak aldatu eta gimnasio moduan erabiltzeko egokitu", zehaztu du alkateak.

Ikasturte berrirako

Aipaturiko bi lan horiek irailerako bukatuta egotea aurreikusten du Udalak. Izan ere, San Martin eskolan irailaren 7an hasiko dute ikasturtea eta ordurako "guztia bukatuta, garbituta eta materiala sartuta egotea komeni da", Izagirreren esanetan. Kiroldegiari dagokionez, kirol ekintzak ere irailean hasiko dituzte eta ordurako gela berria "erabilgarri" egotea da asmoa.

Bi lanak, enpresa berak

Aurrekontu ezberdinak eskatu ostean, azkenean, Vasco Gallega de Construcciones SA enpresari esleitu zaizkio bi lanak.

Eskolako erdisotoko lanei dagokienez, 44.792,84 euroko aurrekontua izango dute eta kopuru horren %60 Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren diru laguntza batetik eskuratu du Udalak. Hala, 26.875,70 euro laguntza horren bidez ordainduko da eta gainontzekoa, berriz, 17.917,14 euro, Udaleko dirutik.
Kiroldegiko lanen aurrekontua, aldiz, 27.696,54 eurokoa izango da. Obra horretarako, Arabako Foru Aldundiaren Obra txikiak diru laguntza lerrora aurkeztu da Aramaioko Udala, iaz bezala, eta %65eko diru laguntza jasoko du. Beraz, 18.002,75 euro laguntza bidez ordainduko du Udalak eta gainontzekoa, 9.693,79 euro, Udaleko dirutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak