Lierni Altuna: "Eraikinaren segurtasuna bermatzea da lehentasuna"

Eneko Azurmendi 2017ko uzt. 6a, 12:59

Aramaioko Santa Ana ermita Udalaren esku geratu da, udalbatzak Arabako Gotzaindegiaren dohaintza onartu ostean. Lehenik segurtasuna bermatzea gura du Udalak, eta ondoren erabakiko du eraikinari ze erabilera eman. Hala, udazkenean hasiko dituzte konponketa lan horiek.

Ermita aspalditik dago egoera txarrean, eta otsaila hasieran, haizeteak egon zirenean, teilatu zati bat errepidera jausten hasi zen. Hori ikusita, Udalak bailak jarri zituen, segurtasuna bermatze aldera, eta Gotzaindegiari exijitu zion lehenbailehen konpontzeko.

Balorazio bat egin ostean, Gotzaindegia ermitaren jabetza Udalaren esku uzteko prest azaldu zen. Hala, ekaineko osoko bilkurara eraman zen gaia eta udalbatzak onartu egin zuen. Beraz, aurrerantzean jabetza publikoko eraikina izango da Santa Ana ermita. "Gotzaindegiak azaldu zigun ez zitzaiola erabilerarik ematen ermitari eta ezin zuela mantendu, eta udaletxeak dohaintza onartu ezean, eraikina bota egingo zuela. Guk gaia baloratu ostean, dohaintza onartzea erabaki genuen, gure ondare bat delako eta herri honetan balore sentimental bat ere baduelako", azaldu du Lierni Altuna alkateak.

Lehenik, segurtasunari emango zaio lehentasuna eta asmoa da udazkenean teilatua eta egitura konpontzea, errepidea libre uzteko eta aterpea erabilgarri jartzeko. Horretarako, soberakinetatik hartuko du dirua Udalak. Guztira 43.738, 79 euroko aurrekontua izango dute konponketa lanek: 5.021,50 euro proiektua eta zuzendaritza egiteko –egitura ukitzen denez legeak horrela eskatzen duelako– eta 38.717,29 euro egitura eta teilatu berriarentzako.

Erabilera, erabakitzeke

Behin konponketa lanak egin ostean, alkateak adierazi du oraindik ez dakitela zertarako erabiliko den, eta guztien artean erabakiko dutela ze erabilera eman eraikinari. Hala ere, azpimarratu du aterpe moduan oso egokia dela gura duen herritarrak erabili dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak