goiena.eus

Omenaldi eta ongietorriek goxatutako San Martinak izan dira aurtengoak

  Kultura  Aramaio

Orotariko sentimenduak transmititu dituzte aurtengo San Martin jaiek, eta antolatutako ekintzen artean, bi nabarmendu dira, Tellamendiko koadrilaren parte izandako hainbat kideri egindako gorazarrea eta haur jaioberriei egindako harrera.

Eguraldi freskoa izan dute aurtengo San Martin jaiek. Hala ere, ekintza guztiak normaltasun osoz egin ahal izan dira eta hori modu positiboan baloratu du Udalak. Jaietan zentratuta, "politak, hunkigarriak eta parte-hartzaileak" izan direla azpimarratu du Cristina Etxenausia kultura zinegotziak. Lierni Altuna alkateak, bere aldetik, adierazi du, oro har, oso erantzun ona izan dutela jaiek. "Jaiak eguraldi nahiko eskasarekin hasi genituen baina orokorrean herritarrek oso ondo erantzun dute eta agian eguraldiak eta inguruko herrietako festek jende gutxiago erakarri dute aurten. Baina bertakoak gustura ikusi dira eta zorionak eta eskerrak jaso ditugu", dio.

Gaineratu nahi izan du herriko talde eta eragile ezberdinek "lan ederra" egin dutela programa osatuz eta aberastuz. "Txupinazoan Bixente Goikoetxea eta Alaiak abesbatzak Teilamendiko 40.urteurrena ederto atondu zuten Sabin Salaberriren kantua abestuz; txosnagunean fin ibili dira gazte asanblada, ATGA, eta beste eragile batzuk; Kurtzetagain tiro plato elkarteak ere bere jaietako txapelketa antolatu zuten; Lagun artean dantza taldeak igandeko dantzak era ikusgarri batean antolatu zituzten; txikitixa elkartea, txistulariak eta albokariak fin ibili dira kaleak musikaz bustiz; Alaiak jubilatu elkarteko abesbatzak kantu jira ederra egin zuten astelehenean; gazte lokalekoek eskolakoek konpondutako buruhandiekin txupinazo ostean umeak korrika jarri zituzten eta abar. Denon artean jai politak antolatu ditugula beste behin ere esan daiteke", adierazi du Altunak.

Horrez gain, antolatu diren gauza berriek ere erantzun ona izan dutela azaldu du alkateak, hala nola, ping-pong txapelketak, mariatxiak, film labur lehiaketa eta berbapasie edota Hodei magoak.

Omenaldia eta ondo etorria

Esan moduan, bi ekintza nabarmendu dira aurtengo jaietan. "Batetik, txupinazoa 1977. urteko Teilamendiko gertakarien protagonistek bota zuten eta berezia eta hunkigarria izan zen. Bestetik, ume jaioberriei egindako ongi etorriak arrakasta handia izan zuen eta jendeak harrera ona eman zion ekintza berri honi", dio alkateak.

Ezbeharrak

Hala ere, kezka puntu bat azaldu du jaietan izandako ezbehar batzuen harira: "Gauza txarrenak kultura etxeko buzoia apurtzea eta eskolako jangelako atea ostikadaka apurtu izana dira, zoritxarrez oraindik ere gaueko iluntasunean guztion ondasunak apurtzen dituzten batzuk badaude eta".

Gazte Asanblada, pozik

Gazte Asanblada ere gustura azaldu da antolatutako ekintzek izan duten erantzunarekin. Oro har, ekintza guztiak izan dira jendetsuak, baina koadrilen arteko pikie izaten da ekintza nagusia eta aurten ere arrakasta izan du, Ainhoa Kortabarria Gazte Asanbladako kidearen esanetan. "Zazpi talde izan ditugu eta egindako probak ere jendearen gustukoak izan dira"

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa