San Martin eskolan umorez eta ekintzaz beterik ari dira ikasturtea amaitzen

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 16a, 11:08

Azken urteetan ohikoa den moduan, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek antzerkia egin dute aurtengo ikasturteari amaiera emateko; bestalde, maniki desafio dotore bat ere egin dute, eskola osoak parte hartu duena.

Bi izan dira aste honetan San Martin eskolak ikasturteari amaiera emateko antolatu dituen ekintza nagusiak: ikasleen antzerkia eta maniki desafioa –mannequin challenge–.

Antzerkia martitzenean egin zuten, kultura etxean. Bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek Jurgi Etxeberria antzerki irakaslearen laguntzarekin ikasturtean zehar landutakoa erakutsi zieten bertaratutakoei. Bosgarren mailakoek basoan gertatutako istorio bat antzeztu zuten eta seigarren mailakoen emanaldian, berriz, txotxongiloak izan ziren protagonista. "Bi emanaldiak oso ondo egon dira. Benetan harro amaitu dut ikasleek egin duten lanarekin", adierazi du Etxeberriak.

Duela hiru urte hasi ziren San Martin eskolako ikasleak antzerkia lantzen, eta, Etxeberriaren esanetan, helburua da ikasleen arteko harremanak sustatzea eta komunikazioa lantzea. "Antzezlanari garrantzi gutxi ematen diot. Garrantzi gehiago ematen diot elkarren arteko konfiantzari, jendaurrean berba egiteko beldurra galtzeari edota parekidetasuna eta berdintasuna bezalako balioak lantzeari", azpimarratu du.
Bestalde, atzo, eguena, maniki desafioaren txanda izan zen. "Aurten, berezitasun bezala, eskola guztiak parte hartuz, maniki desafioa egin dugu", adierazi du Juncal Garaik, ikastetxeko ikasketa-buruak.

Ekitaldi horretarako, eskolako abestia berreskuratu dute aurten, "aspaldian ahaztuta" zegoen kantua, Garairen esanetan. "Abestiaren aitzakiarekin, guraso, monitore, ikasle, irakasle, eta sukaldari guztien artean egin dugu maniki desafioa", azaldu du ikasketa-buruak. Taldeka banatu ziren maniki desafioa egiteko, bakoitzak gai bat ardatz hartuta. Ondoren, guztiak elkartu ziren eskolako patioan, kantuarekin flashmob bat egiteko.

Hain zuzen ere, duela lauzpabost urte Manex Agirre bertsolariak sortutako abestia da berreskuratuko dena.

Eskolako buruhandiak

Abestia bakarrik ez, buruhandiak ere berreskuratu ditu San Martin eskolak, eta azken jaian aurkeztu zituzten, duela bi aste, "arrakastaz betetako" ekintza batean. "Aspaldi egindako buruhandiak dira. Ikasleen gurasoek esaten dute beraien garaikoak direla", azaldu du Garaik.

Buruhandi horiek berreskuratzeko, bi talde sortu zituzten ikasleek eta gurasoek: alde batetik, jostunak, jantziak egiteko; eta, bestetik, buruak egiteko taldea.

Aurrerantzean, beraz, erabilgarri izango dira buruhandi horiek. "Herriko buruhandiak izango dira eta San Martin jaiak alaitzeko erabiliko dira, baita herri mailako beste hainbat ekintzatan ere", dio Garaik.

Eguaztenean, irteera

Oraindik, baina, ez dituzte ekintza guztiak amaitu. Izan ere, datorren eguaztenean, Ibabeko Andra Mari ermitara irteera egingo dute ikasle eta irakasleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak