Hockeyaz gozatzeko aukera izango dute aramaioarrek bihar

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 9a, 12:00

Hanka Labanka taldearen denboraldi amaierako jaialdia Aramaion, 2006an. Argazkia: Hanka Labanka

Maider Unda olinpiadak hasi dira dagoeneko, eta, mus eta briska txapelketen ostean, hockey torneoa izango da asteburuko ekintza nagusia Aramaion; bihar –zapatua–, 09:30ean hasita, hiru txapelketa ezberdin egingo dituzte, patinen gaineko hockeyan.

Gurean horren ohikoa ez den kirol bat izango da protagonista bihar Aramaion: hockeya.
Izan ere, Maider Unda olinpiadak direla eta, patinen gaineko hockey torneoa egingo dute bihar, zapatua, herriko frontoian.

Hiru txapelketa ezberdin egingo dituzte: batetik, Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako ikasleek; bestetik, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek; eta, azkenik, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek. "Eskolan banatu ditugu orri batzuk, ikasleek izena eman dezaten. Hala ere, ez dakigu zenbat ikasle animatuko diren. Parte hartzeko prest dauden haur kopuruaren arabera antolatuko ditugu taldeak eta torneoaren formatua", adierazi du Agustin Oyangurenek, torneoaren antolatzaileak.

Hiru zatitan banatuko da pilotalekua eta hiru txapelketak une berean jokatu ahal izango dira: "Hiru epaile egongo dira eta, hasiera batean, 15 minutuko partiduak egingo ditugu, baina dagoen talde kopuruak baldintzatuko du hori", azaldu du Oyangurenek.

Saririk ez da egongo irabazleentzat. Hala ere, txapelketaren amaieran txoripan bat eta edaria emango zaie parte hartu duten ikasle guztiei.

Txikienek ere aukera

Olinpiada horien helburua da, kirola sustatzeaz gain, Aramaioko umeek ondo pasatzea. Hori horrela izanik, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik beherako ikasleei bideratutako ekintzak eta jolasak ere egongo dira, hockeyari lotutakoak, "hauek ere parte hartzeko aukera izan dezaten", Oyangurenen esanetan. Hori txapelketa bukatzean izango da, 11:30ean.

Hockey zaletasuna herrian

Aramaion bada kirol horrekiko zaletasuna duenik. Izan ere, herriko bederatzi neska aritzen dira hockeyan herrian: goi mailan ari diren Ione eta Ainhoa Oyangurenez gain, Edurne Ormaechea, Maiuri Lasaga, Deba Agirregomezkorta, Izaro Herboso, Ane Arejolaleiba, Uxue Arana eta Izar Isacelaya. Lehenengo bostak Hanka Labanka taldean ari dira eta gainontzeko laurak entrenatu bakarrik egiten dira. Asteburu gehienetan entrenatzen dira, Oyangurenen esanetan.

Aramaion halako torneo bat antolatuko den lehen aldia da. "Hanka Labankako denboraldi amaierako jaialdi bat egin izan dugu, Bergaratik etorritako jokalariekin partidu bat jokatu eta ondoren luntx bat eginaz", dio Oyangurenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak