Naia Bailez: "Iraganeko eta egungo jaiak lotu nahi izan ditut"

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 8a, 19:00

San Martin jaietako kartel irabazlean, antzinako jaietako argazki bat hartu du ardatz Bailezek, eta ondoren, diseinu modernoago batekin osatu du, uztarketa lana eginda. Bartzelonan bizi da aramaioarra, eta diseinatzaile dihardu lanean. Handik bidalitako lan batekin irabazi du kartel lehiaketa.

Zorionak! Espero zenuen irabaztea?

Eskerrik asko. Egia esan, iaz ere irabazi nuen eta ez nuen espero berriro irabazterik.

Zer sentitzen da Aramaioko jaiek zuk egindako irudi bat edukita?

Kanpoan bizita, jaietan parte hartzeko beste modu bat dela iruditzen zait. Beraz, jaiei nire ekarpena modu honetan egitea erabaki nuen, eta, bide batez, nuen herrimin hori asetzeko balio izan dit, eta pozik nago.

Zertan oinarritu zara kartela egiteko? Zer adierazi nahi izan duzu?

Kartelari, berez, Jai Alai jarri nion izenburu moduan, erakusteko nola lehen ere jaiak egoten ziren, nahiz eta ez izan oraingoen berdinak. Iraganera bueltatu nahi izan dut. Azken finean, beti familian eta lagunartean bizi  izan ditugun jaiak dira eta herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da bertan. Beraz, iragana eta oraina uztartu nahi izan ditut, betiere, herritarrak protagonistak direla, jendeak gogoratu dezan lehen nola ospatzen ziren jaiak.

Azken finean, jaiak antzinatik datoz.

Hori da. Nahiz eta kartela modernoa izan daitekeen, berez, sustraiak iraganean dauzka eta argazki zahar horrekin benetako jaia irudikatu nahi izan dut, herrikoa eta parte-hartzailea.

Lan handia eman dizu kartela egiteak?

Lan tekniko aldetik, argazkiaren tratamendua dago eta diseinuaren aldetik, bozeto mordo bat.  Bide bat da, azken finean. Kartel hau ez da bat-batean egindako zerbait. Proba asko egin ditut emaitzara iritsi arte. Ikusten ez den lan bat dago kartelaren atzean. Puntu horretara iristeko, informazioa lortu, argazki egokia lortu eta ondoren daukazun materialari tratamendu egokia eman behar zaio.

Emaitzarekin gustura?

Bai. Nik, berez, bi lan aurkeztu nituen eta ez nuen espero honek irabaztea, besteari aukera gehiago ikusten nizkion. Gainera, herritarrei gustatu zaie kartela eta adierazi nahi izan dudana. Horrek ematen dit niri poztasun handiena. Gainera, etxez etxe nire kartela banatuko da eta hori ere polita da.

Beñat Iñarra irabazle haurren kategorian

Beñat Iñarraren kartela izan da garailea haurren kategoriako lehiaketan. Hirugarren aldiz irabazi du Iñarrak haurren kategoriako lehiaketa. "Ez nuen espero aurten irabazterik, ez dut eta beste urte batzuetako esfortzu bera egin. Hala ere, oso pozik nago", adierazi du Iñarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak