Kuadrila osoko belaunaldi ezberdinetako emakumeak biltzea da topaketa honen helburua, Araitz Palacios berdintasun teknikariaren esanetan. "Bailarako emakumeen sozializazioa eta beraien arteko harremanak bultzatzea nahi dugu, beti ere ikuspegi feministatik begiratuta emakumeen egoera kontuan hartuta", azaldu du.
Orain arte kultura eta kirol sailek antolatu izan dute topaketa hau, gizarte laguntzaileen kolaborazioarekin. Aurten, hala ere, berdintasun saila dagoela kontutan hartuta, haren esku gelditu da antolakuntza. Hori dela eta, genero ikuspegiari garrantzia handiagoa eman nahi izan zaio, Palaciosen esanetan.
Aurtengo gaia emakumeak eta kirola izango da. "Aurtengo topaketaren bitartez lortu nahi dena da kirol munduan emakumeak daukan egoeraren berri ematea. Izan ere, oraindik diskriminazio handia dago estamentu desberdinetan. Helburu hori lortzeko, ekintza ezberdinak egingo dira", dio Palaciosek.
Hiru ekintza
16:30ean hasiko da topaketa. Las Pelotaris izeneko film laburra proiektatuko da, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. "Hemengo jendea bakarrik ez, atzerriko jendea ere etortzera animatu nahi dugu, haiek ere euren burua identifikatuta sentitu dezaten". Emakume pilotarien historia kontatzen du film honek, bai Euskal Herrian, bai Frantzian, eta baita Ameriketan ere.
Ondoren, mahai-inguru bat egingo da, Gorbeialdeko Kuadrilako emakume kirolari ezberdinekin: Conchi Saez de Zaitegi frankismo garaiko frontenis jokalaria –legutiarra–; Izarrako Uluka Rolley Derby talde feministako kideak – talde honek kirola erabiltzen du emakumeen ahalduntzea bideratzeko– eta Arane Uriarte, gaur egun Zuiako eskubaloi entrenatzailea eta bere garaian eskubaloi jokalari profesionala izandakoa.
Hau amaitzean, aipatutako talde feministako kideek kirol erakustaldi bat eskainiko dute. "Beraiek egiten dutena ez da oso ezaguna eta hori ezagutarazteko helburua izango du erakustaldiak", adierazi du Palaciosek.
Erakustaldiaren ostean, topaketari amaiera emateko, luncha egongo da. 20:15etan aurreikusten da bukaera.
Autobusa doan
15:40etan San Martin eskolatik autobusa irtengo da Zigoitiara. Doanekoa izango da. Antolakuntzatik topaketara gerturatzeko deia zabaldu nahi izan dute. "Bai Kuadrilako emakumeei, baita beste edonongo emakumeei ere. Etor daitezela, ateak zabalik ditugu".