"Zoragarri" doa Musikaren Astea

Eneko Azurmendi 2017ko mai. 26a, 10:03

Musika Eskolako irakasle Larraitz Arriolabengoa "oso gustura eta pozik" azaldu da Musikaren Asteak orain arte emandakoarekin; asteburuan beste hainbat ekintza egongo dira; Riffs And Chips taldeak eskainiko duen blues kontzertua, adibidez.

Musika Eskolak antolatuta, Musikaren Astea ari dira ospatzen Aramaion. Ekintza ugari izan dira orain arte, eta domekara bitartean ere egongo da zertaz gozatu.

Astea orain arte ematen ari denarekin oso gustura azaldu da Larraitz Arriolabengoa, Musika Eskolako irakaslea. Gitarra klasikoen kontzertuak eman zion hasiera asteari. "Asko gustatu zen. Ez gaude ohituta mota honetako musika entzuten, baina oso kontzertu polita eskaini zuten eta jendea oso gustura eta pozik gelditu zen", azaldu du Arriolabengoak.

Martitzenean, Alaiak Kantuan taldeak kontzertua eskaini zuen, eta hura ere positiboki baloratu du musika irakasleak. "Lehenik, eguneko zentroan lau abesti kantatu zituzten eta ondoren, emanaldia egin genuen, Sastiñan. Guztiok oso pozik geratu ginen", dio. Kontzertuaren ostean, Arantzazu Ruiz de Azuak akordeoia jota gidatu zuen kalejira eta liburutxoekin kantuan ibili ziren, kalez kale.

 

Eguaztenean, Bocabeats taldearen txanda izan zen. "Hamarrekoa izan zen. Ume pila bat egon zen eta bikoteak jakin izan zuen bere ikuskizuna publiko horretara moldatzen. Umeek oso-oso ondo pasatu zuten, eta gurasook ere bai".

Azkenik, atzo, eguena, Musika Eskolako ikasleen ikasturte amaierako kontzertua izan zen: "Urtean zehar landu dugun guztia ezagutzera emateko helburuarekin".

Kontzertuaren aurretik, txistua jotzen ikasten ari diren hiru ikasleek kalejira egin zuten. "Ilusio handia egiten dit umeak kalejiran txistua jotzen ikusteak.  Nire semea ere ari da bertan, eta oso polita da, niretzat, hori".

 

 

Oro har, "oso gustura eta pozik" azaldu da Arriolabengoa, eta, oraingoz, astea "zoragarri" doala nabarmendu du.

Asteburuan, gehiago

Gaur, egubakoitza, Sonita dokumentala egongo da ikusgai kultura etxean, 18:30ean. Domekan, berriz, haurrei zuzendutako Piccolo eta Saxo filma proiektatuko dute. Hori ere kultura etxean izango da, 17:00etan, asteari bukaera emateko.

Bestalde, bihar, zapatua, Riffs And Chips talde gasteiztarrak blues estiloko musika emanaldia egingo du Sastiñan, 18:30ean. Walking the blues izeneko lana izango da emanaldiaren ardatza; aurtengo otsailean kaleratu duten diskoa, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak