goiena.eus

Kalean egiten diren elkarrizketen %63,4 euskaraz dira Aramaion

  Euskara  Aramaio GAURKOAK

Soziolinguistika Klusterrak Aramaioko Udalaren eskariz egindako neurketa batek ondorioztatu duenez, kalean euskaraz gehien egiten duen adin taldea haurrena da, %74,5; gazteen, helduen eta adinekoen euskara erabilera %60 inguruan dago.

Soziolinguistika Klusterrak udazkenean behaketa bitartez egin zuen euskararen erabilera gaineko ikerketa, eta asteon aurkeztu dituzte emaitzak. Ondorio nagusia da Aramaioko kaleetan egiten diren elkarrizketen %64,7 euskaraz direla –2.409 hiztun neurtu dira eta horietatik 1527k egiten dute euskaraz egunerokotasunean–.

Lau adin taldetan banatu da ikerketa: haurrak –2 eta 14 urte bitartekoak–, gazteak –15 eta 24 urte bitartekoak–, helduak –25 eta 64 urte bitartekoak– eta adinekoak –65 urtetik gorakoak–. Emaitzak aztertuta, haurrek gainontzeko taldeek baino "dezente" gehiago egiten dute euskaraz, Asier Basurto Soziolinguistika Klusterreko kidearen arabera. Izan ere, ia 15 puntuko aldea dago batzuen eta besteen artean.

Beste datu esanguratsu bat gizonezkoen eta emakumezkoen arteko tarteak utzi du. Izan ere, sei puntuko aldea dago bien artean: emakumezkoen %66,5ek egiten du euskaraz eta gizonezkoen %60,1ek.

2003. urtean egin zen lehenengoz euskararen erabileraren gaineko ikerketa bat Aramaion eta ordutik, orokorrean begiratuta, datuak egonkorrak dira, mantentzeko joera dute: "Datuak nahiko antzeko mantendu dira, ez da ikusten gorako edo beheranzko joerarik. Beraz, Aramaion euskararen erabilera egonkorra dela esan dezakegu", adierazi du Basurtok.

Arnas gunea

Basurtoren esanean, Aramaio euskararen arnas guneetako bat da. "Dagoen ezagutza maila altua da eta ez datuak ez dira harritzekoak. Euskaldunak gehiengoa diren herri bat da Aramaio", azpimarratu du.

Balorazioa, positiboa

Udalak positiboki baloratu ditu ikerketak utzitako emaitzak. Rosa Mondragon Aramaioko euskara teknikariak azaldu du emaitzak "onak" direla. Hala ere, kezka puntu bat adierazi du, haur eta gazteen erabilerari dagokionez. "Bi multzo hauetan euskararen erabilera jaitsiko egingo zelako susmoa bageneukan, eta neurketa honek baieztatu egin du, neurri batean. Hala ere, udaletik ez dugu mezu katastrofistarik helarazi gura. Orokorrean datuak mantendu egiten dira eta horri eman behar diogu garrantzia", adierazi du.

Gaineratu du hurrengo pausoa dela gai hau Euskararen Jarraipen batzordean aztertzea eta herriko beste eragile batzuekin elkarlana bilatzea, euskararen erabilera bultzatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa