Bertsoa Bizi Gazte Eguna egingo dute bihar Legution, lehehengoz

Eneko Azurmendi 2017ko mai. 12a, 10:06

Gazteen euskarazko sormena eta bertsolaritza uztartzea helburu duen ekimena da hau. Aurrez egin duten bideoklip lehiaketako lanak erakusteaz gain, Arabako Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketako finala ere jokatuko da biharkoan, eta bi aramaioar izango dira bertan.

Arabako Bertsozale Elkarteak aurten jarri du martxan Bertsoa Bizi Gazte ekimena. Bertsozale Elkarteko kide Julen Zulaikaren esanetan, bi ardatz nagusi ditu ekimenak: batetik, hezkuntza arautuan zentratzen da. "1.000 arabar gazterengana iritsi gara, institutu desberdinetan emandako ikastaroen bitartez. Bertsoa, rapa eta musika erabiliz, gazteen euskarazko sormena bultzatzea izan dugu helburu", azaldu du Zulaikak. Bigarren adarra, aldiz, aisialdira zuzentzen da, eta adar horren baitan bideoklip lehiaketa bat sortu dute.

Lehiaketa horretan, gutxienez hiru eta gehienez zortzi pertsonako taldeek hartu dute parte –14 eta 18 urte bitarteko neska-mutilak– eta, guztira, hamaika lan aurkeztu dira, Zulaikaren esanetan. "Talde gehiago ere aritu dira lanean, baina, epeak direla eta, ezin izan dute garaiz entregatu. Zertxobait luzatu dugu epea, baina, zoritxarrez, ezin izan ditugu lan guztiak jaso", adierazi du.

Aurkeztutako lan guztiak ikusgai daude nibanaxarabakoa.eus webgunean eta biharko ekitaldian ere erakutsiko dituzte. Lau sari egongo dira: Internet bitartez herritarrek bozkatuko dutena, bideoklip onenaren saria, bideoklip originalenaren saria –bi horiek epaile talde batek bihar erabakiko ditu– eta txalometroaren saria; hau da, biharko ekitaldian txalo gehien jasotzen dituen bideoklipa.

Eskolarteko finala

Lehiaketaz gain, Arabako Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketako finala ere jokatuko da bihar Legution. Final horretan bi aramaioar gazte ariko dira: Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi, hain zuzen ere.
Ugarte saio "txukuna" egiteko "ilusioz" azaldu da, eta ondo pasatzera irtengo dela adierazi du. Abarrategi ere gogotsu azaldu da finalaren atarian, nahiz eta onartu duen "urduritasun puntu bat" baduela. Finalean "presio gabe" kantatzea nahi duela aitortu du.

Txikitatik aritu izan dira elkarren ondoan, eta elkarrekin kantatzeak ilusio berezia egiten diela nabarmendu dute biek.

Egun osoko festa

10:00etan izango da aurkezpena eta horren ostean erakutsiko dituzte bideoklipak, 10:30ean. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute. 12:00etan izango da aipatutako bertso finala, eta, hori bukatzean, bazkaria egingo dute. Azkenik, 16:00etan, sari banaketa izango da, eta horrekin amaiera emango zaio Bertsoa Bizi Gazte Egunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak