Altxa Kopla Hori ekimena jarriko dute martxan gaur

Eneko Azurmendi 2017ko mai. 5a, 09:44

Duela urtebete Agurainen egin zuten antzeko formatu bateko saio bat, proba modura. Argazkia: Arabako bertsozale elkartea

Arabako Bertsozale Elkarteak antolatuta, kopla doinuetan oinarritutako zortzi saio egingo dira probintziako udalerri desberdinetan, gaur hasi eta ekainaren 23ra bitartean; Aramaioko sei bertsolari arituko dira, baita alkatea ere, gai-jartzaile lanetan.

"Bertsolariek kopla doinuetan oinarrituta kantatuko duten zortzi saio izango dira gaur martxan jarriko den Altxa Kopla Hori ekimenean", adierazi du Asier Lafuentek, antolatzaileetako batek. Izan ere, gaur hasi eta ekainaren 23ra bitartean, doinu "herrikoi" horretan abesten ariko dira Arabako 28 bertsolari herriz herri, sei gai-jartzaileren eta hainbat musikariren laguntzarekin. Saioaren erdia musikarik gabe kantatuko dute bertsolariek eta beste erdia, berriz, kopla musikatuekin osatuko da –aurrez erabakitako doinuekin–. Saio bakoitzean, lau bertsolari, gai-jartzaile bat eta bi musikari egongo dira", zehaztu du Lafuentek.

Horrez gain, herri bakoitzean herriko talde batek kopla sorta bat kantatzea da helburua. "Herri bakoitzean saiatuko gara sustatzen herriko talde batek kopla sorta bat kantatzea, aurrez prestatuta eta paperean idatzita. Saioaren aurreko asteetan irakasle bat joango da herri horretara eta izena ematen dutenekin kopla bat ekoiztuko dute, ondoren egunean bertan kantatzeko", dio Lafuentek.

Lagunartean

Arabako Bertsolari Txapelketa bukatu berri da. Txapelketa bezalako ekimen "itxi" baten ostean, parte-hartzaileagoa eta irekiagoa izango den ekimen bat martxan jarri nahi izan du Bertsozale Elkarteak, Lafuenteren esanetan. "Txapelketa oso formatu konkretua da, oso itxia eta bertsozaleek ere nolabaiteko maila bat duten bertsolariak entzun nahi dituzte bertan. Hain zuzen ere, txapelketako giro hori ez nagusitzeko helburua du ekimen honek, Arabako bertsogintzan txapelketa ez izatea erreferente eta foku bakarra". Izan ere, Lafuentek dio gizarteak askotan bertsolaritza txapelketarekin bakarrik lotzen duela eta hori baino askoz gehiago dela nabarmendu nahi izan du.

Gainera, azaldu du bertsolari guztiak ez direla ondo moldatzen txapelketetan eta horientzako beste aukera bat izan daitezkeela horrelako ekimenak, "lagunartean eta umore onean" egiten direlako, "txapelketak exijitzen dizun presio hori gabe". Hala, 28 bertsolarik eman dute izena.

Sei bertsolari aramaioar

Manex Agirre, Paula Amilburu, Andere Arriolabengoa, Xabi Igoa, Aitor Ugarte eta Peru Abarrategi izango dira Altxa Kopla Hori ekimenean parte hartuko duten sei bertsolari aramaioarrak. Horrez gain, Lierni Altuna alkateak ere parte hartuko du, gai-jartzaile.

Araian izango da, gaur, lehenengo saioa, 20:30ean, herriko plazan, eta bertan Manex Agirre arituko da koplatan; bigarren saioa Bastidan izango da –Bitoriano Txokoaren ondoan–, maiatzaren 12an, eta Paula Amilbururen txanda izango da orduan; hirugarrena Kanpezun, maiatzaren 19an, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa ariko dira; maiatzaren 26an izango da laugarrena, Artziniegan, baina ez da Aramaioko ordezkaririk egongo; bosgarrenean Aitor Ugartek kantatuko du, ekainaren 2an, Oionen; ekainaren 9an Paula Amilburu izango da berriro, Lierni Altuna gai-jartzaile duela, Bastidan; zazpigarren saioa Agurainen izango da, ekainaren 16an, eta Peru Abarrategiren txanda izango da orduan; Azkeneko saioa Amurrion eskainiko dute, ekainaren 23an. Xabi Igoak bigarrenez kantatuko du Amurrioko azken saio horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak