Guztira hiru bisita gidatu antolatu ditu Gorbeialdeko Kuadrillak:
Batetik, apirilaren 13an, eguena, Oletako Atxeta gaztandegia ezagutzeko aukera izango da. Maider Unda kirolari ohiak eta artzainak artaldea erakutsiko die bisitariei, eta gazta egiteko prozesua ere bai. Gazta probatzeko eta dastatzeko aukera ere edukiko dute bertaratutakoek.
Bestetik, apirilaren 15ean, zapatua, Baias garagardotegian izango da hitzordua. Gorbeia mendiguneko Baias errekatik hartutako urarekin artisau lanaren bidez eginda dagoen garagardoari buruzko xehetasun guztiak jasoko dituzte bisitariek, Joselu Lopez eta Idoia Marañonen eskutik. Instalazioak ezagutu eta egiten diren garagardo mota ezberdinak dastatuko dituzte bertan.
Azkenik, apirilaren 16an, domeka, erlezain baten lana gertutik ezagutu ahal izango dute bisitariek Uribarri auzoan, Juan Mari Arriolabengoaren eskutik. Erlauntzak gertutik ikusi ostean, Aldeko eztiaren erauzketa tailerrean jarraituko dute azalpenek. Gainerako bisitetan bezala, produktua bera ere probatuko ahalko dute bertaratutakoek.