Hiru izan dira, batez ere, aurrekontu honek batzen dituen lehentasunak. Batetik, Gureia auzoko lanak. Euri urak bereizten dituen saneamendu sarea, elektrizitatea, kale argiteria, telefono kanalizazioak eta zoladura proiektuari dagozkien obrak ari dira egiten, urtarrilaz geroztik. Lan hauek egiteko, Arabako Foru Aldunditik jasotako diru-laguntza bi fasetan iritsi zaio Udalari, eta horrek markatu du, hain zuzen, atzo onartutako aurrekontuaren kopurua. Izan ere, laguntzaren zatirik handiena 2016ra inputatu zen. Foru Planaren bitartez, 163.390,25 € bideratuko dira lan hauetara.
Bestetik, San Martin Eskolako erdisotoa eraberritzeko lanak. "Erdisotoan hainbat lan egin nahi dira. Komunak ondo jarri, ludoteka argiak ematen duen lekura bidali hezetasuna saihesteko eta biltegiak antolatu, besteak beste", dio alkateak. Horretarako 52.785,31 € izango ditu Udal Gobernuak.
Hirugarren inbertsio nagusia kiroldegiko lehenengo solairuko eraberritze lanen bigarren fasea izango da. "Lurra egokitu, berogailua jarri, leihoak konpondu eta beste lan batzuk egingo dira. Ikusten dugu lan hauek bukatzea lehentasun bati zuzen zuzenean erantzutea dela", adierazi du Altunak.
Osoko bilkura, luze
Aurrekontu proposamena onartu bazen ere, luzatu egin zen atzoko osoko bilkura. Izan ere, EAJk aurka bozkatu zuen –EH Bilduko bost zinegotzik alde bozkatu zuten eta EAJko bi zinegotzik, berriz, kontra– eta tirabira batzuk egon ziren zenbait gairen inguruan.
Batetik, Roman Berriozabal EAJko zinegotziak leporatu zion alkateari aurrez bidalitako galdera eta proposamen sortari berandu erantzutea. "Garaiz bidali genizun galdera sorta, eta gaur bertan –osoko bilkuraren aurretik– jaso ditugu erantzunak. Aztertzeko denborarik ere ez dugu izan. Erantzunak bidaltzeko hiru hilabete behar izan dituzue. Formalitate gutxi ikusten dut nik hor", adierazi zuen.
Horri erantzunez, alkateak adierazi zuen bere garaian ahoz azaldu zituela gai hauek. Dena dela, proposamenak egitea ondo dagoela adierazi zion Altunak Berriozabali, baina proposatutakoak zer ordezkatuko lukeen adieraztea ere ondo legokeela ohartarazi zion: "Proposamenak egitea ondo dago, baina zerren ordez, zer kenduko zenukete hori ezartzeko? Azken batean, kontuek koadratu egin behar dute".
Desfibriladoreak ere izan ziren hizpide. Izan ere, EAJk proposatu zuen herriko auzo bakoitzean bat jartzea, "ezbeharrak ekiditeko". Alkateak adierazi zuen ez duela "hain beharrezkoa" ikusten auzo bakoitzean bat jartzea. Hala ere, Udal Gobernuak legea aztertuko duela zehaztu zuen alkateak.
Alderdi jeltzalearen beste proposamenetako bat inkestak egitea izan zen. "Proposatzen duguna da, udalak eskaintzen duen zerbitzu bakoitzeko, herritarrei inkesta bat egitea, jakiteko ea herritarrak zerbitzu horrekin gustura dauden edo ez", adierazi zuen Berriozabalek. Alkateak, horri erantzunez, onartu zuen teorian oso ondo geratzen dela hori, baina praktikara eramatea zaila dela. "Ze formatutan egingo zenuke inkesta hori?Noiz?Nola? Zenbat aldiro?". Dena den, gaineratu zuen herritarren beharrak eta kezkak jasotzen dituela Udal Gobernuak, "idatziz ez, baina ahoz bai".