goiena.eus

"Herritarrek lepoan nire logoa eramatea arraroa egingo zait"

 Aramaio

Eider Ballinak irabazi du Lagun Artean dantza taldearen logo lehiaketa. 16 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta berea izan zen onena. Ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egiten ari den aramaioarrak aitortu du zailena logoaren ideia lortzea izan dela.

Zertan oinarritu zara logoa egiteko orduan?

Lagun Artean eta Aramaio izenak eduki behar zituen logoak. Hortik aurrerako guztia librea zen. Ni, gehienbat, dantza talde batek ematen duen irudian oinarritu nintzen; hau da, gizonak eta emakumeak eta bakoitzaren jantziak. Izan ere, hori da dantza talde bateko logoan atentzioa gehien ematen duena.

Aramaioren m hori ere bereizita dago. Zer irudikatu nahi izan duzu?

Lehiaketan nire logoa aukeratu ostean, aldaketa bat egiteko eskatu zidaten. Hain zuzen ere, m hori aldatu eta herriarekin lotura zeukan zerbait egiteko eskaera egin zidaten eta nik mendi itxura eman nion, Aramaioko kutsua izateko.

Zuk diseinatutako logoa taldearen irudia izango da aurrerantzean. Zer sentitzen duzu?

Hasieran, suposatzen dut oso arraroa egingo zaidala. Orain, adibidez, zapiak atera behar dituzte eta herritarrek lepoan nire logoa eramatea arraroa egingo zait. Horrez gain, poztasuna ere ematen dit, noski.

Lan handia eman dizu honek?

Hasierako ideia lortzea beti izaten da zaila, baina, behin nondik jo erabakitzen duzunean, errazagoa egiten zaizu, nahiz eta benetan pozik geratzeko aldaketa asko egin behar izaten dituzun ondoren.

Gainontzeko lanak ikusteko aukerarik izan duzu?

Egia esan, ez ditut ikusi. Beraz, ez dakit justua izan den edo ez nik irabaztea. Gero, agian, besteren bat gehiago gustatuko zait.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa