goiena.eus

Julen Olaizola txapeldun eta Jon Herrarte txapeldunorde

 Aramaio

Olaizolak Zizur Nagusiko lau t´erdiko finala irabazi du, infantil mailan, 16-14 emaitzarekin. Herrartek, berriz, bigarren postuarekin konformatu behar izan du Arabako Binakako Trinket Txapelketan, 30-29 galdu ostean.

Olaizolak Zizur Nagusiko lau t'erdiko txapelketa irabazi zuen –Euskal Herrian ospe handia du–, 16-14 emaitzarekin, Ioritz Arbaiza orozkoarra mendean hartuta. Partidua ez zuen ondo hasi Olaizolak. "Hasiera kaxkarra eman nion partiduari, 3-9 galtzen hasi nintzen. Hala ere, partidua aurrera joan ahala, geroz eta hobeto sentitu nintzen eta 11-11 berdintzea lortu nuen", adierazi du. Berdinketa horren ostean, ordea, berriro ere aurreratu zen aurkaria –11-14–. Partidua horretan zela, aramaioarrak kolpea hartu zuen buruan, txokoko jokaldi batean. "Mozketa bat egin zidan. Ni kontrakantxatik nentorren, abiadura handian, eta hormaren kontra buruarekin jo nuen. Lepo aldean min hartu nuen, zaintiratu moduko bat sentitu nuen. Momentu batean erdi zorabiatuta ere banengoen", dio. Partidua eten egin zen momentu batean, eta, pomada bat eman ostean, kantxara itzuli zen Olaizola. Harrigarria bada ere, ondorengo bost tantoak segidan egin eta 16ra heltzea lortu zuen, partidua irabazita. "Badirudi kolpeak mesede egin zidala", aitortu du.

Hala, iazko errebantxa hartu ahal izan zuen Olaizolak. Izan ere, final bera izan zen iaz eta orozkoarrak 18-6 irabazi zion. "Aurten iaz baino askoz hobeto iritsi naiz finalera. Gainera, sakez min handia egin diot eta irabaztea lortu dut", azaldu du.

Bestalde, Bizkaiko eskuz banakako txapelketa hasi du Olaizolak, Galdakaon, hau ere garaipenarekin –18-6–.

Herrarte, penaz

Jon Herrartek oso gertu izan zuen garaipena Arabako Binakako Trinket Txapelketako finalean, baina, azkenean, txapeldunorde izan zen, Laudioko bikotekidearekin. "Oso gaizki hasi genuen partidua, baina gero, buelta ematea lortu genuen eta  oso partidu borrokatua izan zen", adierazi du Herrartek.

18-6 galtzen hasi ziren, baina 18-18 berdintzea lortu zuten. "Ni atzelari eta bikotekidea aurrelari hasi  ginen. Ez ginen ondo moldatu eta postuz aldatu ginen. Hala, askoz hobeto moldatu ginen eta partiduan sartzea lortu genuen", onartu du. Hortik aurrera, partidua oso berdinduta joan zen, azken unera arte. "29-29 gindoazen eta sakea alde. Ez genuen tantoa bukatzea lortu eta, azkenean, goiko txapara joan zitzaigun pilota", aitortu du.

Hala ere, gustura azaldu da egindako txapelketarekin eta finalean emandako mailarekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa