Manex Agirrek lortu ditu puntu gehien Legutioko saioan

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mar. 5a, 10:21
Manex Agirre, Legutioko saioan (Argazkiak: Arabako Bertsozale Elkartea)

Arabako Bertsolari Txapelketa fase finaleko bigarren itzulian, Manex Agirrek lortu zituen puntu gehien Legution atzo egindako bertso saioan. Orain arte puntu gehien metatu duen bertsolaria Iñaki Viñaspre da.

Manex Agirrez gain, Peru Abarrategik eta Iker Agirrek ere egin zuten bertsotan atzoko saioan. Manex Agirrek lortu zuen puntu gehien, 248 puntu. Hala ere, atzo abestu zuten sei bertsolariek martxoaren 19ra arte itxoin beharko dute jakiteko finalean kantatuko duten ala ez. Datorren larunbatean, Laudion, 2.itzuliko 5.finalaurrekoa jokatuko da.

Pasa den zapatuan jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren itzuliko lehenengo finalaurrekoa –laugarrena, guztira– eta parte hartu zuten hiru aramaioarrek saio txukuna egin zuten. Manex Agirrek saioa irabazi zuen, 248 puntu eskuratuta, Peru Abarrategi hirugarren sailkatu zen –235,5 puntu– eta Iker Agirre, berriz, laugarren –234 puntu–.

Manex Agirrek aitortu du sentsazio "gazi-gozoarekin" amaitu zuela saioa. "Ofiziotan oso lotuta ikusi nuen nire burua, neure burua aurkitu ezinik. Ez da sentsazio pertsonala bakarrik, ingurukoek ere hala adierazi didate", azaldu du. Urduritasun horretan sailkapenak eragin zezakeela aitortu du. Ondoren, ordea, bakarkakoan, hobeto sentitu zen. "Kartzelan larri hasi nintzen, baina buelta ematea lortu, eta nahiko ondo bukatu nuen", dio. Finalera begira, itxarotea besterik ez zaio gelditzen Agirreri: "Ez daukat oso puntuazio altua, eta ikusi egin beharko da. Oso lasai ere ez nago, egia esan", bukatu du.

Peru Abarrategi hirugarren postuan sailkatu zen Legution. "Saio polita egiten ari nintzen, baina azkeneko bertsoan poto egin nuen eta horrek izorratu egin ninduen. Puntuazioa nahiko txukuna izan zen eta poto egin izan ez banu, oraindik hobea izango zen. Horrek ematen dit pena", azaldu du Abarrategik.

Finalerako sailkatzeko aukera gutxi ikusten ditu Abarrategik, baina egin duen txapelketarekin oso gustura azaldu da. "Saihestu nezakeen huts batekin amaitu dut txapelketa, baina, orokorrean, oso gustura nago eman dudan mailarekin. Gaztea naiz oraindik, eta esperientzia irabazten noan heinean ikasiko dut halako akatsak ez egiten", azpimarratu du.

Azkenik, Iker Agirrek laugarren bukatu zuen eta hark ere aukera gutxi ditu finalerako sailkatzeko. "Nire burua ondo ikusi dut, solte, eta egindako txapelketarekin oso gustura nago", azaldu du.

Bihar, Igoa eta Amilburu

Bihar, zapatua, bosgarren finalaurrekoa jokatuko da Laudion eta bertan Xabi Igoa eta Paula Amilburu arituko dira.

Igoa "gogotsu" dago eta lehenengo itzulian egindako lan ona "errematatzera" irtengo da. "Hau fondoko lasterketa bat da eta lanak ondo egin behar dira beti", azaldu du.

Amilburu, berriz, urduri dago. "Biharko saioan ez pentsatzen ahalegintzen nabil. Irregular nabil eta edozein gauza egin dezaket", nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak