goiena.eus

Aldarrikapena, antzerkia eta zinema bat eginda

 Aramaio

Urtero legez, martxoaren 8aren harira, 'Emakumeen astea' antolatu dute Itur Zuri elkartekoek. Aurtengo egitarauan Virginia Imaz ipuin kontalari eta antzezle donostiarraren ikuskizuna, bazkaria eta zine emanaldia antolatu dituzte.

Martxoaren 8a aldarrikapenerako eguna da. Emakume izateaz harro sentitzeko eta sexu berdintasuna lortzeko bidean emakumeen eskubideak errespetatzea eskatzeko eguna. Itur Zuri elkartekoek ondo dakite hori, eta aldarrikapenez harago,  kultur egitarautxoa prestatu dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan.

"Itur-Zuri elkartearen eginkizunen artean dago Emakume egunaren inguruko ekintzak antolatzea. Antolatzen dutenak batzordeko sei pertsona dira, baina herriko emakume askok hartzen dute parte ondoren antolatutako ekintzetan" adierazi du elkarteko Lurdes Markaidek.  

Hiru ekintzako egitaraua

Urrutira joan gabe, gaur bertan Virginia Imaz antzezle eta ipuin kontalari donostiarraren Divinas ikuskizuna antolatu dute.  21:30ean izango da zinema aretoan, eta aurreko batzuetan bezala, inguruko herrietatik jendea erakartzea espero dute.

"Aramaiora bi aldiz etorri da aurretik, eta bere ikuskizunak arrakastatsuak izan dira beti. Arrasatetik, adibidez, pertsona asko etortzen dira. Iaz oso ikuskizun polita antolatu genuen talde amateur batekin. Aurten garaiz gogoratu ginen Virginiarekin eta zortea izan dugu, libre  zuelako egun hori. Asko poztu ginen horregatik. Orain arte bere antzerki guztiek gure asmoak bete dituzte. Oso onak izaten dira eta benetan konektatzen dute edozein adineko emakumerekin". Kasu honetan, Divinas ikuskizunean eguneroko betebehar guztietara ezin heldurik dabilen emakume baten azalean sartuko da Imaz.

Zapatuan, aldiz, bazkaria egingo dute Añai tabernan. Asteazkenera arte izan da izena emateko epea, eta lagun koadrila polita elkartuko da mahaiaren bueltan.  Sorpresatxo baterako tartea izango da, mahaikide batek gitarra hartu eta kantalditxoa eskainiko duelako.

Azkenik, martxoaren 8an, zinema emanaldia egingo dute, 18:00etan, zinema aretoan. La estación de las mujeres filme indiarra proiektatuko dute. Erdi esklabotzan bizi diren lau emakumek askatasunerantz egiten dituen bidea erakusten da bertan. "Batzuetan zaila egiten zaigu egun horretarako pelikula aukeratzea, adin ezberdinetako emakumeak datozelako. Hau, ordea, denentzako aproposa iruditu zitzaigun".

Bestalde urtarrilean egin zuten urteroko batzar nagusia, eta batzarkideen ustez baliagarria izan zen etorkizunera begira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa