Langraizko bide beretik jarraitzera Zigoitira

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 9a, 17:49

Aurtengo Arabako Txapelketan lehen aldiz abestuko dute domekan Andere Arriolabengoak, Iker Agirrek eta Xabi Igoak. Pasa den domekan Peru Abarretegik eta Manex Agirrek Langraizen erakutsitako maila onari jarraipena ematen saiatuko dira.

2017ko Arabako Bertsolari Txapelketaren fase finalak pasa den domekan egin zuen lehen urratsa Langraizko lehen finalaurrekoarekin, eta Aramaioko bertsolariek maila txukuna erakutsi zuten. Domekan 17:30ean  jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Zigoitiko Kultura Etxean.

Seitik hiru aramaioarrak

Oholtza gainera igoko diren sei bertsolarien erdiak aramaioarrak izango dira. Bertan izango dira Xabi Igoa, Andere Arriolabengoa eta Iker Agirre, Iñaki Viñaspre, Jagoba Apaolaza eta Serapio Gomezekin batera.  
Igoa azken edizioko finalista da, eta honela ikusten du bere burua domekara begira: "Ondo nago. Bertso Eskolan egindako prestaketa lana hor dago, eta prest nagoela uste dut. Gainera, oholtza gainean jende ezaguna edukiko dut eta horrela erosoago sentituko naiz. Lagungarria da albokoa ezagutzea, batez ere, ofiziotan aritzeko".

Andere Arriolabengoak lasaitasunez begiratzen dio Zigoitiko saioari. "Azken edizioan ez nuen parte hartu; beraz, aurtengoan ez daukat ezer galtzeko.  Ez dut nire burua presionatzen eta bertsotan aritzeaz gozatzeko asmoz noa. Bertso Eskolan aritzen garen lau kide igoko gara oholtzara; izan ere, Iñaki Viñaspre aramaioarra ez izan arren, gurekin aritzen da. Horrenbestez, lagunartean abestea ere polita izango da".
Iker Agirre ere presiorik gabe aurkeztuko da Zigoitian. "Ez daukat espektatiba handirik txapelketari dagokionez. Ez dut finalera heltzea helburu bezala hartzen; beraz, lasai nago. Bertsotan ondo egin eta gozatzea da nahi dudana". Alboan izango dituen bertsolariei buruz zera adierazi du: "Lagun artean, bizitzako beste alderdietan bezala, gauzak errazago eta hobeto ateratzen dira.

Agirre eta Abarrategi fin

Kanporaketa fasean lan dotorea egin zuten herriko bertsolariek, eta bide beretik hasi zuten aurtengo txapelketa Manex Agirrek eta Peru Abarrategik. Felipe Zelaieta, Zigor Enbeita, Rikardo G. de Durana eta Asier Rubio izan zituzten aurkari Langraizen egindako saioan. Oholtzara igo ziren sei bertsolarietatik, Manex Agirrek lortu zuen puntuazio altuena (229 puntu) eta Peru Abarrategik, aldiz, hirugarrena (222,5).

Lehen finalaurrekoa hasi aurretik, duela bi urteko sentsazio onak urrun sentitzen zituela aitortu zuen Agirrek, baina, domekako saioaren ondoren, gertuago sentitzen hasteko aitzakiarik ez zaio falta. "Lehen ariketetan eroso sentitu nintzen. Ondoren, bakarka egindako lanarekin ez nintzen gustura geratu, eta arantza moduko batekin amaitu nuen saioa. Hala ere, lasaitua hartu nuen puntuazio altuena jaso nuela jakiterakoan", azaldu du Agirrek. Kontrarioei dagokienez, Rikardo G. de Durana oso seguru eta irmo ikusi zuela adierazi, eta Peruk egindako saio serioa ere nabarmendu du.

Peru Abarrategiren kasuan, saioa benetan pozik amaitu zuela aitortu du. "Agurrean oso urduri jarri nintzen. Zuri antzean geratu nintzen eta ia doinua ahaztu zitzaidan. Baina saioa aurrera joan ahala segurtasuna hartzen joan nintzen, eta gustura amaitu nuen egindako lanarekin".

Bertso saioa egubakoitzean Marixekan

Xabi Igoa eztarria berotuta helduko da Zigoitiko finalaurrekora, gaur Marixekan kantuan arituko baita, 20:30ean hasiko den bertso saioan. Arabako Bertsozaleen Elkarteak antolatu du, eta Aroa Zubizarreta, Peru Amorrortu eta Xabier Antia izango ditu alboan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak