"Erabakiak hartu behar dira eta horrek kirol ibilbidean dauka eragina", esan du Maider Undak agurrean

Eneko Azkarate 2016ko aza. 9a, 13:56

"Hausnarketa sakon" baten ondoren, orain lehiaketa profesionala bere lehentasuna ez dela erabaki eta erretiroa hartzea erabaki du. Bere bizitako beste esparru batzuek "indar edo garrantzi handiagoa" hartu dutela baieztatu du borrokalari aramaioarrak eta horregatik hartu du agur esateko erabakia.

"Bizitzan dena ez da laua. Batzuetan erabakiak hartzen dituzu eta horrek kirol ibilbidean dauka eragina. Hori egunerokoan bizi behar duguna da" esan du.
 
Urte hauetan guztietan sekulako zortea izan duela ziurtatu du aramaioarrak. Ingurukoei eskerrak eman nahi izan dizkie, batez ere Luis Crespo bere teknikariari, berarekin prestatu baititu txapelketak eta bera izan baitu sostengu 2000. urtetik.
 
Maider Undak hiru hamarkada eskaini dizkio borrokari eta kirol honetan nagusi izan da 2001. urtetik Espainia mailan. Bere ibilbidean lortu dituen emaitzen artean azpimarragarriak dira batez ere Beijing 2008ko bosgarren postua eta diploma, Londres 2012ko brontzezko domina (kirol honetan estatu mailan erdietsitako sailkapenik onena), Tbilisin (Georgia) jokatutako Europako Txapelketan lortutako zilarra, eta 2009ko eta 2010eko Bakuko (Azerbaijan) eta Belgradeko (Serbia) Europako Txapelketetan eta 2009ko Herningeko (Danimarka) Munduko Txapelketan eskuratutako brontzeak.
 
Maider Unda Basque Teamekin urte gehien daramatzan kirolarietako bat da. Bere sorreratik, 2008. urtetik egon da arabarra fundazioari lotuta. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailburua den Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria den Jon Redondo, Basque Teameko koordinatzailea den Olatz Legarza eta bere prestatzaile Luis Crespo lagun izan dituela, esan du agur Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan, Gasteizen.

Maider Undaren profila
 
Maider Unda (Vitoria-Gasteiz, 1977ko uztailak 2) Otxandion hasi zen borrokan, bederatzi urte zituela. Lehenengo urratsak sambo modalitatean eman zituen, baina aukera gutxi eskaintzen zituenez, bi urte geroago borroka egiten hasi zen. Gehien bat gizonen kirola zenez, Maiderrek eurekin neurtu behar izan zituen indarrak urte askotan eta horrek lehiatze-ahalmena eta indarra garatzeko lagundu zion.
 
Maider estatuko taldean sartu zen 1998. urtean, 72 kiloko kategorian lehiatuz. 2001. urtetik nagusi izan da estatu mailan, emakumezkoetan, pisu gehien duen kategorian. Espainiako Txapelketan edizio guztiak irabazi ditu bi izan ezik: 2006an beste pisu kategoria baten irabazi zuen (67kg) eta 2011n lesio bategatik ez zuen parte hartu. Guztira Espainiako 14 txapelketa eraman ditu. Bera da titulu gehien duen emakumezkoa.  
 
Nazioarte mailan ere hainbat eta hainbat parte-hartze pilatzen ditu eta palmares ikaragarria du gainera. Bere ibilbidean nabarmenak dira 2001ean Mediterraneoko Jokoetan erdietsitako brontzezko domina eta 2008ko Beijingo Jokoetarako txartela eman zion 2007ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postua. 2004. urtean, emakumezkoen borroka egitarau olinpikoan lehen aldiz sartu zenean, Jokoetarako sailkapena lortzen ahalegindu zen, baina ez zuen txartela lortu. Maiderrek Madrilgo errendimendu altuko zentrotik bueltatzea erabaki zuen orduan. Han prestaketa lanetan aritu zen baina etxean aurkitu nahi zuen bere beharrizanetara egokitzen zen lekua edo ingurugiroa.
 
Aldaketa horri esker emaitza garrantzitsuak iritsi ziren, Beijing 2008koa, esaterako. Txinan hartu zuen parte lehen aldiz Joko batzuetan, bosgarren lekua eta diploma irabazita. Oso gutxi falta izan zitzaion domina eskuratzeko. Orduan ez zuen lortu baina bai Londresen, han brontzea jantzi baitzuen. Metalak kirol honetan estatu mailan lortutako sailkapenik onena suposatu zuen. Olinpiar hitzorduetako lorpenez gain, azpimarratzekoak dira 2009ko eta 2010eko Bakuko (Azerbaijan) eta Belgradeko (Serbia) Europako Txapelketetan eta 2009ko Herningeko (Danimarka) Munduko Txapelketan irabazitako brontzeak eta 2013. urtean Tbilisin (Georgia) jokatutako Europako Txapelketan eskuratutako zilarra.
 
Urte hauetan guztietan arabarrak garaipenak dastatu ditu eta bidean izan dituen lesioei aurre egiten ere jakin du: 2001ean masailalbo-hezurra hautsi zuen eta 2003an meniskoa eta aurreko lotailu gurutzatua, 2004an burtsitisa izan zuen belaunean eta 2011n triadaren haustura… Aurten zuntz-haustura batengatik ezin izan zuen Rigan jokatutako Europako Txapelketan parte hartu, baina lesioa atzean utzi eta aurre-olinpikoetan lehiatu zen. Maider azken unera arte borrokatu zen Rion egoteko. Dena den, amets olinpikoa ezin izan zuen bete oraingoan.
 
Sakrifizio eta lan eskerga eskaini dizkio Maiderrek borrokari. Beti bere izaera lehiakorra nabarmendu da, baita ama izan ostean ere. Londreseko Jokoen ondoren bere alaba jaio eta gero, Maiderrek Saskia berreskuratu eta gainera bere kirolak eduki zuen arau-iraultzak ekarri zuenera moldatu behar izan zuen, oso denbora gutxian. Egokitzapen eta ikastaldi honetan Luis Crespo bere entrenatzailea izan du lagun. Berarekin prestatu ditu txapelketak 2000. urtetik.
 
Nazioarte mailan ospe itzela izan duen borrokalaria izanagatik, Maiderrek ez ditu ahaztu edo alboratu bere bizitzako beste alde batzuk. Elektronika ikasi zuen eta bere gurasoek erretiroa hartu ondoren, bere ahizparekin batera etxeko negozioaren agintea hartu zuen. Idiazabal sor-marka duten gaztak egiten ditu Olaetako Atxeta baserrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak