Aramaioko bertso eskolako kideek ere bat egin dute Bertsotruk ekimenarekin eta zapatuan hainbat eskoletako ordezkariak elkartu ziren: "Bi zatitan banatu dugu eguna: arratsaldean, bertso-bisita gidatua, eta gauean, bertso-afaria Marixekan", zioen Xabi Igoak, bertso eskolako kideak eta gaineratu zuen: "Helduen bertso eskolen arteko hartu-emana sustatzea da helburua, eta gero geuretik ere sor daitezen halako ekimenak".
Herriko plazan elkartu ziren, eta Amillena taldeko kideek Aramaioko geografia eta historia kontuen berri eman zieten: auzoak, herriaren mugak, Sastiña ermita… Eta handik bertsotan egiteko gaia jarri zien Manex Agirre bertsolariak. Etxekoek hasi zuten ekimena eta lehen bertsoak Peru Abarrategik eta Ane Zuazubiskarrek bota zituzten.
Trikitilariak lagun eginda herriko beste hiru gunetan ere jardun zuten bertsotan: Itturrosteko iturrien aurrean, Zumarraga-Urretxukoak; elizan, Hernanikoak; eta parkean, hiru bertso eskoletako ordezkariak. Euria oztopo gehiegi egin barik giro onean eta gustura jardun zuten batzuk bertsotan, eta beste batzuk haiei segika.