Duela bi urte hasi ziren Aramaioko eskolan Ira kurrin kurrin egitasmoa lantzen, eta atzokoa laugarren saioa izan zuten, orain arteko jendetsuena: "txundituta gaude, eta pixka bat gaindituta ere bai", dio Mari Karmen Garrido irakasleak. Izan ere, ikasleak ez daude bertan parte hartzera derrigortuta, eskolaz kanpoko ekimena baita, eta parte hartzaile guztiak haien borondatez irakurri dute liburua ondoren atzoko saioan komentatzeko.
Animatu den jende kopuruaz gain, baina, ikasle eta guraso horiek erakutsitako interesa nabarmendu du. Beñat Hach Embaraken hitzaldian zehar galdera asko egin zituzten, eta ondoren ere, liburua komentatzeko garaian, ekarpen "interesgarriak" entzun zituen Garridok. Irakurle bakoitzak liburuko pasarte bat aukeratu behar zuen, eta taldekideekin elkarbanatu. "Ideia da denok zerbait ekartzea taldera, irakurri dugun liburua hobeto ulertzeko".
Helburuak
Eskolako irakaslearen esanetan, Ira kurrin kurrin"ikasleei liburuak dibertigarriak direla" erakusteko modu bat da. Esan bezala, urtero bi saio egiteko asmoa daukate San Martin eskolan. Saioak oporren ostean egiten saiatzen dira, opor garaian ikasleek liburua irakurtzeko astia izan dezaten. Hurrengoa, beraz, aste santuaren ostean, maiatzean, egin nahi dutela aurreratu du Mari Karmen Garridok: "prest gaude, emozionatuta gaude, eta gainera, oso ondo pasatzen dugu antolatzen; beraz, jarraituko dugu, are gehiago horrelako erantzuna ikusita".