Kanpezuko kultura etxean ospatu zuten bertso festa. Kanpezuko bertso-eskolako txikiak izan ziren lehenak oholtzara igotzen, eta ederki piztu zuten giroa. Horien ondotik Aramaioko bertso-eskolakoek parodia ederra prestatu zuten.
Irribarrea ahoan oholtza igo ziren Markel Yoller, Irati Ruiz de Pinedo, Peru Abarrategi, Unai Etxenausia, Peru Amorrortu eta Unai Argote bertsolariak. Irribarrez eta bertsotan euren onena emateko prest. Zortziko nagusian zein txikian saio arinak eta umore ukitu ederrekin eskaini zituzten. 60 entzuleren aurrean, saio orekatua eta bizia osatu zuten ofizioka. Ondoren, bakarkakoen txanda iritsi zen, puntuari erantzun eta hitzari bertso bat bota beharra.
Epaimahaiak hala erabakita Peru Abarrategik irabazi zuen finala. Hemendik aurrera, edizio batetik bestera, eskuz esku pasatuko den saria jaso zuen. Gasteizko Peru Amorrortuk bigarren postua lortu zuen. Biak izango dira Orion, ekainaren 27an, izango den Euskal Herriko eskola arteko txapelketako finaleko Arabako ordezkariak, herrialdeko bertso-eskolako gazte eta haur guztiek egindako ahaleginaren erakusgarri bikainak.