Arabako Diputazioa eta Aramaioko Udala hilaren 19an elkartuko dira Adifen auzian aurreratzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko abe. 12a, 15:45

Diputazioko eta Udaleko ordezkariak azaroaren 7an. Alicia Ruiz de Infanterekin –ezkerrean– egingo da bilera.
Adifen kalte-ordainen auzirako Arabako Diputazioak eta Aramaioko Udalak indarrak batuko dituztela iragarri zuten Javier De Andres Ahaldun Nagusiak eta Ramon Ajuria Aramaioko alkateak azaroaren 7an. Bada, Ajuriak iragarri duenez, abenduaren 19an bilera izango dute Alicia Ruiz de Infante Obra Publiko eta Garraiotako diputatuarekin, Gasteizen.

Honela azaldu digu Ramon Ajuria alkateak hilaren 19ko bilera: "Bisitaren egunean adierazi ziguten euren eskuetan dagoena egingo zutela herritarrek kalte-ordainak jasotzeko aukera izan dezaten. Diputazioaren aholkularitza aramaioarren zerbitzura jarriko dutela esan didate eta kalte-ordainak nola bideratu, zer egin eta zer ez, azalduko digute. Horretarako izango da bilera; garrantzitsua da guretako, badirudi emandako hitza beteko dutela".

Borondate berbera

Udala aspalditik ari da A-2620 errepidearen itxierak utzitako ondorioekin lanean. Lehentasunezko gaia da eta horregatik lortutako Diputazioaren jarrerarekin pozik dago alkatea. Arabako Ahaldun Nagusi Javier de Andresek berak argi utzi zuen bi erakundeen borondatea dela kaltetuei laguntzea eta Adifi kalte horiek erreklamatzea. Era berean, eskaeren kasuistika "zabala" izan daitekeela onartu zuen De Andresek baina nabarmendu zuen herritar orok duela erreklamaziorako eskubidea.

Diputazioa, interesatu

Arabako Diputazioa interesatu moduan aurkeztu da prozesu judizialean auzia gertutik jarraitzeko. Izan ere, uste dute "arrazoi objektiboak" daudela "kasu askotan" herritarrek arrazoi dutela ondorioztatzeko.
Aramaioko Udalak oraindik ez daki zehazki Diputazioaren laguntza noraino helduko den; zalantza horiek guztiak abenduaren 19ko bileraren ostean argituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak