Urtarrilaren 20an, Iturrietan txotx!

Ubane Madera 2011ko urt. 13a, 19:00

“Produktu ona dator, sagardo ona ateratzeko propietateekin. Lasto kolorea du, nahiko argia. Eta zapore aldetik… Kupel bakoitzekoa desberdina da. Onena da bakoitzetik dastatzea”; halaxe egin du gonbitea Juan Jose Peciñak, Iturrieta sagardotegiko ugazabak aurtengo txotxerako. Hitzordua: urtarrilaren 20an, eguena, 19:30ean. 

Lau kupeletan dute aurtengo sagardoa gordeta Iturrietan, eta horietatik hiru zabalduko dituzte txotx egunerako, “hiru produktu desberdin” izango dira, beraz, edalontzia hartu eta txandaka betetzeko.

Korrika eta herritarrak

Gonbidatuen artean, aurtengo berezia "KORRIKA 2011” izango da. Edurne Brouardek (Korrika 2011ko arduraduna) eta Mertxe Mujikak (AEKko arduradun nagusia) zabalduko dituzte kupelak. “Guretako oso inportantea da, euskaldun berria naiz, bizi erdia AEKn eman dut eta oso gustura ekarriko dugu Korrika gurera, haiek kupela zabaltzeko”, dio Juan Jose Peciñak.

Korrikako ordezkariekin batera, baina, herritarrak ere izango dituzte inguruan: Bereziki gonbidatuko ditugu Aramaioko lagunak, gurekin konpartitzeko momentu berezi hau. Haiekin gaude sagarrekin lotuta dugun proiektuan (ASSE, (Arabako Sagar eta Sagardogileen Elkartea)… eurekin nahi dugu konpartitu”, dio Peciñak.

Errepidearen itxiera, oztopo

Horrez gainera, aitortu digu aurtengo txotxa berezia izango dela, orain arte Iturrieta itxita izan dutelako, Arrasate eta Aramaio arteko errepidea itxita egon delako. “Orain zabalduko dugu berriro eta gogoz gaude, espero dugu jendea berriro animatzea. Guk besoak zabalik hartuko ditugu”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak