Akabatu egin da Aramaioko eta inguruko asto zaharrena: Erdaideko Putxiko. Albaitariak berak ere ez daki seguru, baina 34-35 bat urte hartu dituela uste dute. Eta hori oso berezia da asto batendako, asko jota 24 bat urte hartzen dituzte-eta. Akaso leku onean bizi zelako bizi izan da horrenbeste.
Putxiko astoa Aramaion bizi izateaz gain, haren ama ere aramaioarra zen: Ibabe baserriko Massiel. Hala esaten zioten astoari, Massiel abeslariak Eurovisión irabazi zuen sasoi hartan Ibabeko astoak asto-lehiaketa ugari irabazi zituen-eta.
Massiel astoa Artikilo baserrira saldu zuten halako batean, eta hantxe izan zuen Putxiko kumea. Geroago, Artikilotik Erdaidera saldu zuten Putxiko eta hantxe izan dute azken 25 urteotan, hasieran ganadua zaintzen, eta orain dela 11-12 bat urte biba la vida, amamaren gonapean ondo zainduta.
Baina zaharra zen oso. Eta zahartzaroak ez du barkatzen. Urtarrilean utzi gintuen Putxiko-k.