Dune proiektuan izango dira Errekaren torlojuak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 21a, 14:23
Dune proiektuak izango duen egitura. Irudia: Erreka.

Neutroiak aztertzen dituen proiektua da Dune, AEBetan, eta Errekako torlojuak izango dira ikerketaren egitura finkatzeko tresna. Errekako kideek azaldu dutenez, "beste erronka bat" da, eta espero dute horrelako proiektu gehiagotan aritzea aurrerantzean.

Unibertsoaren izaerari eta osaerari buruzko "funtsezko erantzunen bilaketa" dago Dune (Deep Underground Neutrino Experiment) proiektuaren epizentroan, Erreka Taldearen arabera. Neutrinoak aztertzea dute xede horretan dabiltzan ikerlariek, "unibertsoko misterio askori erantzuna eman diezaioketen partikula iheskorrak", alegia; horretarako, parte izango dira Errekak ekoiztutako torlojuak, neutrinoak bilduko dituen egituraren finkapenerako erabiliko baitituzte.

Erreka Smart Fastening negozioko zuzendaria da Arkaitz Etxezarreta, eta proiektuak "ikaragarrizko garrantzia" duela adierazi du. "Batez ere, industrian murgilduta dagoen gure moduko enpresa batentzat: torlojuak egitetik, unibertsoaren sorreraz hausnartzen duen nazioarteko proiektu batean parte hartzera. Ohituta gaude energia berriztagarrietako proiektu handietan parte hartzen, baina hau ezberdina da". Ilusio "handia" egiten die proiektuak, "oso polita" dela nabarmenduta.

Eginiko urratsak

Espainiako Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroa jarri zen lehendabizi Errekarekin harremanetan, eta Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren (CERN) proiektuetarako bidea ireki zien, Etxezarretaren hitzetan. "Eskaintza landu eta CERNeko auditoria pasatu ondoren, eskaria iritsi zitzaigun. Ematen duena baino errazagoa izan da bidea".

Guztira, 90.000 torloju ekoiztuko dituzte Ameriketako Estatu Batuetara bidaltzeko, han baitabiltza garatzen Dune proiektua; zehazki, Hego Dakotako Sanford laborategietan. Egitura lur azpitik 1.500 metrora dago, eta espero dute gai izatea zero azpitik 184 gradura 34.000 argoi likido mantentzeko. Hala, Errekak aurreikusten du finkapenerako lehen laginak martxorako eskuragarri egotea, eta, gainontzekoak, "programatuta dagoen moduan", urrirako; horrela, Dune proiektua 2026an hasiko litzateke martxan.

Torloju horiek, gainera, Etxezarretaren arabera, "ez dira ohikoak", egiten dituzten guztiak ere tamaina "oso handikoak" direlako. "Baditugu 35 kilokoak, baina Dunekoek hiru-lau kilo inguru pisatzen dute, eta batzuei inteligentzia sartuko diegu, Erreka Digital Bolt erabiliz; hartara, kapazak izango gara torlojuen lan-indarra nahi dugunean jakiteko".

Beste erronka bat

Errekarentzat proiektu horretan parte hartu ahal izatea beste erronka bat da, eta "harro" daude, Etxezarretak nabarmendu duenez. "Erreka Taldea ingeniaritza eta fabrikaziora bideratutako talde bat da, eta dibertsifikazioa da gure oinarrietako bat. Sektore oso ezberdinetarako ematen ditugu irtenbideak. Gaur arte, Big Science sektorean ez geneukan lan eginda, baina ikusi dugu Errekak badaukala hemen ere zer esana".

Bada, aurrerantzean ere sektore horretan jarduteko aurrerapausoak ematen saiatuko direla adierazi du Erreka Smart Fastening negozioko zuzendariak, proiektu horretan parte hartzeak etorkizunera begira ateak zabal ditzakeelakoan. "Honek ahalbideratu dezake ezagutza beste sektore batean ezartzea, etorkizunean proiektu handiak izango dituena, hala nola fusioko energian, unibertsoaren sorrera aztertzen duten esperimentuetan eta instalazio astronomikoetan lan egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak