Jaurlaritzaren ezezkoa jasota ere, Zorroztarrietako industrialdearen alde egiten jarraituko du Udalak

Maite Txintxurreta 2017ko ira. 8a, 16:42

Antzuolan, Zorroztarrietako eremua egokitu eta bertan industrialdea egiteko aukera atzera bota du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. Dena den, Antzuolako udalbatza osoa bat dator industrialdearen aldeko apustuan, eta bide horretan ez dutela etsi dio alkateak.

"Autobidearen lanak direla-eta, lur mugimendu handia dago hemen. Bada, lur horiek, berez, Aretxabaletara eraman behar dira. Hemengo enpresarekin hitz egiten hasi ginen, eta eurek proposatu ziguten betetze lan bat egitea. Halakoekin dugun esperientzia ikusita, askotan erori egin izan baitira, iruditu zitzaigun ez zela aukera on bat. Baina, begiratzen hasita, Zorroztarrieta inguruan gerora eraikinak ezartzeko moduko lautada egonkor bat egiteko moduko lursailtxo bat lokalizatu genuen", dio Beñardo Kortabarriak, Antzuolako alkateak.

Udalak uztailean jaso zuen proposamen horren harira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak emandako ezezkoa. Gutunean diotenez, teknikariak ingurua aztertzen egon ziren, eta bertan dagoen "haltzadi ederra" ukitu ezina" omen da. Udalak horri erantzun ostean, abuztuan iritsi da ezezkoa berresten duen Jaurlaritzaren gutuna. 

"Jakina, guri hori ez zaigu ondo iruditzen", dio alkateak: "Antzuolan bizi garenok badakigu Deskarga inguru horretan errepidea egin ahal izateko zelako kalteak egin dituzten. Hortaz, testuinguru horretan, horrelako proiektu txiki bati ezezkoa ematea ez zaigu bidezkoa iruditzen".

Herriarentzat aukera

Antzuolako udalbatza osoa bat dator industrialdearen aldeko jarreran, eta, alkateak azaldu dutenez, ezezkoa jaso badute ere, oraindik ez dutela amore emango eta beste bide batzuetatik lantzen saiatuko direla. Hala, Kortabarriak adierazi du oraingo aukera dela onena, lanak orain baitaude martxan, eta hortaz, orain dagoelako bertatik ateratzen diren harri horiek norabait eraman beharra. "Gainera, enpresari ere interesatzen zaio harriak hemen lagatzea, eta ez Aretxabaletan. Diputazioak ere egoki ikusten du, egunero hemen atzera eta aurrera dabiltzan kamioi ugari aterako lituzkeelako errepidetik. Eta guretako, jakina, industrialde egoki bat izatea Antzuolan, gainera egokitzapeneko lehen fasea doan izango genukeelarik, aukera eta nahi handi bat dela uste dut".

Herri mailan, etorkizunera begira industria jarduera eta horrek dakarren lana Antzuolan mantentzeko edo herrira erakartzeko aukera izango litzateke industrialdea, alkatearen ustez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak