Osoko bilkuran eskaera eta galderen tartean azaleratu ziren gaiek hartu zuten protagonismo ia osoa. Izan ere, Zorroztarrietako industrialdearen egoerak kezka sortu zuen udal ordezkarien artean. Udalak uztailean jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ezezkoa. Gutunak, bertan dagoen "haltzadi ederra" ukitu ezina" dela dio. Udalak horri erantzun ostean, abuztuan iritsi da ezezkoa berresten duen Jaurlaritzaren gutuna. "Ondo pentsatutako erabaki loteslea dela dio gutunak; ez daukala atzera bueltarik diote eta beste toki bat bilatzeko", azaldu zuen Beñardo Kortabarria alkateak. "Antzuolan ez dago industrialdea egiteko beste tokirik. Gainera, guztion intereseko proiektua da; ez da kapritxo bat. Ingurumen zuzendari Aitor Zulueta gonbidatu gura dugu ikus dezan Antzuola nola dagoen eta zein den bere egoera. Irimoegi auzora eramango nituzke; handik ikusten da ederki Deskarga eta Antzuolaren arteko obraren eragina/kaltea nolakoa den. Eta ez dezaten bakarrik Zorroztarrieta aldera joan eta hango arbolak zelako politak diren ikusita erabaki".
Gauzak horrela, ahal den guztia egiteko prest dago udalbatza eta Udal bezala kexa bat aurkeztuko dutela herriak duen behar hori errealitate bilakatu dadin argi utzi zuten martitzeneko osoko bilkuran.
Gimnasioa oraingoz itxita
Herrian kezka eragin duen bigarren gaia Udal Gimnasioaren itxiera da. Oraingoz itxita dagoen arren, Udalak zabalik gura duela argi utzi zuen: "Saiatuko gara zerbitzuak jarrai dezan, noski. Orain arte gimnasioaren kudeaketa eraman duen Egoitek-en kontratua uztailean bukatzen zen. Hori gerta aurretik, berriro ere lehiaketa atera genuen, ondorengo urteetan gimnasioa eramateko. Zerbitzua hobetu nahi genuenez lehiaketako baldintza-pleguan hainbat aldaketa egin genituen. Horien artean, kontratua eramango zuen enpresarentzat diru gehiago jartzea erabaki genuen: bikoitza –9.000tik 18.000ra–; baina ordutegi zabalagoa, larunbatetan irekitzea, ikastaro-mota dibertsifikatzea ere bai. Helburu nagusia zen erabiltzaileei, herritarrei, aukera gehiago ematea. Lehiaketa irekira ez zen inor aurkeztu, eta orain prozedura negoziatua hasi beharko dugu, legearen arabera gutxienez hiru enpresarekin. Bitartean Egoitek-i eskatu diogu zerbitzua ematen jarrai dezala urte bukaera arte oraingo baldintzetan, prozedura negoziatua aurrera eramateko denbora behar dugulako. Erantzunaren zain gaude, eta aste honetan jakitea espero dugu".
Eskolako lanak
Bestalde, Herri Eskola handitzeko arau subsidiarioen aldaketa puntuala aho batez onartu zuen udalbatzak. Eskolako lanak 2018ko ikasturtearen bukaeran hasi nahi dira. "Uste dugu 2018ko ekaina eta uda aprobetxatuko direla lan potoloenak egiteko. Oinarrizko proiektua badaukagu eta obraren ezaugarriak finkatzen ditu. Egin duguna izan da eremu horretako arau subsidiarioen aldaketaren hasierako onarpena", argitu du Kortabarria alkateak.
"Handitzearen azalera totala 897,87 m2 izango da. "Eskolako partzelak orain 1.728,96 m2 dauzka –gela aurrefabrikatuak kenduta–; eta 237 m2 handituko da. Beraz partzela berriak 1.965,96 m2 izango ditu. Gela aurrefabrikatuek okupatzen dutena okupatuko du zabaleran, baina luzera gehiago izango du. Beheko solairuaz gain, bi pisu gehiago izango du handitzeak", argitu du Hirigintza teknikari Valen Moñuxek.
Oraingo jangela ere handituko dela azaldu du Moñuxek: "Oraingo jangelak 51 m2 ditu. Jangela berriak 85 m2 eta bulego bat izango du 25 m2-koa".
Mozioa
EH Bilduk Altsasuko gertakarien inguruan aurkeztutako mozioa onartua izan zen. Alderdi sozialistak aurka bozkatu zuen ordea. Miren Gallastegi zinegotziak argudiatu zuen bortizkeria erabilitako ekintza horiek ez zirela kasualitatea izan. "EH Bilduk ez ditu kondenatu ekintza horiek; lau biktimen eskubideak urratuak izan ziren. Errespetua eta elkarbizitza ezinbestekoak dira", argudiatu zuen Gallastegik.