Nola jaso zenuen buruzagi izango zaren albistea?
Egia esateko, sorpresarekin hartu nuen, ez nuelako espero. Urte askoan egon naiz Antzuolako Alardean, baina Joseba Iparragirrek lagako zuenik ez nekien. Hala ere, ilusio handiarekin hartu dut, nigan pentsatu dutelako. Azkenean, norberarengan pentsatzen dutenean, beti egiten du ilusioa.
Esan zizuten unean bertan, ardura ere zure gainera eroriko zen apur bat, ezta?
Bai, noski. Komentatu zidatenean, denbora dezente egon nintzen buruari buelta batzuk ematen. Jaiak erdi-erdian tokatzen dira, larunbata izaten da, aurretik osteguna eta ostirala pasata... Eta buruzagi izateko zaindu egin beharra dago; bai ahotsa eta gorputza. Diskurtsoa eta egin beharreko gauza guztiak ez dira ahaztu behar; beraz, apur bat bai nabaritu dut ardura hori.
Irudi polita eman zen hiru buruzagiak plazan zinetelarik, Joseba Iparragirreri egindako omenaldi inprobisatuan. Zuretako ere une berezia izango zen...
Bai, nahiz eta berez ez zegoen ezer aurretik gertatuta. Azkenean, egun hartako protagonista Joseba izatea nahi genuen, eta horrela izan zen. Hiru buruzagiak hor ikustea, azkenean, hiruroi ilusioa egin zigula uste dut. Hor ikusten da, gainera, iragana, oraina eta etorkizuna. Baita Mairuraren Alardearen iragana, oraina eta etorkizuna bermatzen duelako. Izan ere, hemendik, Antzuolako gazteriari hurrengo urteetako Alardean parte hartzeko dei egin nahi diot. Alardeak ateak zabalik ditu, eta elkarteko edozeinengana joan daitezke hurrengo urteetan ere parte hartzeko.
Zer da, zuretako, Antzuolako Mairuaren Alardea?
Antzuolartasuna edo antzuolar izatearen harrotasun hori erakusteko erreminta bat da, nire ustez. Urtero-urtero ateratzen gara harrotasun hori adieraztera herriko plazara. Baita euskal kulturaren ikuspegitik, aurretik izan zen foruen galera horrekin, eta autonomia hori errebindikatzea. Hori ere garrantzitsua da niretako.
Antzuolar batendako ohorea da, beraz, Alardeko buruzagi izatea?
Bai; niretako, bai. Alardea bizitzen dugunontzat bai, gutxienez. Nik urteak daramatzat parte hartzen. 2009a ezkero, Alardea berritu zenetik, eskopetari lanetan irten izan naiz, baina aurretik danborrari moduan eta koruan ere ibili nintzen. Beraz, ia maila guztiak ukitu ditut dagoeneko [Barre]. Familiak ere betidanik parte hartu du. Beraz, ohorea da, bai.
Aurreko buruzagien aholkurik jaso duzu?
Josebarekin egon naiz, baita Jose Luisekin ere, eta biak prest agertu dira laguntzeko. Orain, oporrak datoz eta, oraingoz, ez naiz askorik zentratu honetan, baina irailetik aurrera jarri beharko naiz eta biak edozer gauzarekin laguntzeko prest izango ditut.
Eredu moduan hartzen dituzu Joseba Iparragirre eta Jose Luis Kortabarria?
Bai, beti hartu izan ditut eredu moduan, gainera. Nahiz eta biak sasoi ezberdinetan bizi izan Alardea, eredu moduan hartzekoak dira. Nork bere kutsu pertsonala ematen dio Alardeari, norberak eman ahal duenarekin, noski, baina aurrekoen lana edukitzea oinarri moduan erreferentzia garrantzitsua da.
Zaldi gainean ondo moldatzen zara ala errespetua ematen dizu?
Txikitan ibili izan nintzen, baina duela urte asko, egia esateko. Hala ere, irailetik aurrera hasiko naiz zerbaitetan pentsatzen. Agian, ikastaro bat-edo egingo dut. Beldurrik ez dit ematen, behintzat. Hain justu ere, hori izan zen Joseba Iparragirrek galdetu zidan lehenengo gauza, ea beldurrik ematen didan zaldi gainean ibiltzeak. Beldurrik ez dut; beraz, aurrera egingo dugu horrekin, behintzat, kar, kar kar...