Antzuolako pilotalekua jendez bete zen atzo, egubakoitza, jaietako pilota jaialdia ikusteko. "Oso giro ona egon zen. Ordutegia ere aurten aldatu egin dugu. Gauez izan beharrean, arratsaldez izan da jaialdia, eta asmatu dugula uste dut. Jendea oso gustura egon zen", adierazi du Andoni Balerdi Olalde elkarteko kideak.
Hiru partidu jokatu ziren. Batetik, kadete mailan, Ibon Perezek eta Aitor Tatiegik 18-10 irabazi zioten Eneko Sagastume eta Xabier Jauregiri. Bestetik, gazte mailan, Ander Biainek eta Manex Balerdik ezin izan zuten Ander Muruak eta Markel Gartziak osatutako bikotea menderatu eta nahiko garaipen garbia eskuratu zuten azken hauek (22-13). Azkenik, profesional mailako partidua izan zen, herriko seme Aitor Mendizabal bertan zela. Honek ez zuen hutsik egin eta partidua irabaztea lortu zuen, Martija bikotea zuela, Jakaren eta Tolosaren aurka.